Finantza sistema ustela da, eta aurrerantzean ere ustela izan dadin diseinatuta dago. Finantza krisia lehertu osteko goi bileretako mezu onberetan hasi ziren aipatzen etorkizunean finantza sistema gardenagoa izango zela, errudunek ordainduko zutela eta zerga paradisuak desagertuko zirela. Finantza sistema orduan bezain iluna da oraindik ere. Finantza sistemako hautsak harrotu dituena ez da izan ez kontrol sistema, ez borondate politikoa... Suitzako HSBC bankuko informatikari ohi bat baino ez. Aberatsek, iruzurgileek eta negozio ilunenen arduradunek dirua segundo milarenetan mugitzen dute oraindik ere munduko alde batetik bestera, dirua bit multzo bat baino ez baita. Finantza ikuzgailuetan garbitzen dituzte diru beltzak —Suitzan, kasurako—, bankuen konplizitatearekin. Zergei izkin egiten diete, agintari txit agurgarrien laguntzarekin, Jean Claude Junckerrena, esaterako.
Ez dago urrun joan beharrik. Gurean finantza sistema erabili izan da zerga gutxiago ordaintzeko. Rafael Nadal tenislariarena izan daiteke kasu ezagunena. Argitu beharrekoak dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren adierazpenak ere.
Batzuen eta besteen iruzurrak eta ardurak ezin dira alderatu; ezta aberatsenen ondasunen kontrol falta eta herritar xumeenen kontrol zorrotza; baina ona litzateke beti gora begiratu beharrean batzuetan norberaren zilborrari ere so egitea, BEZ balio erantsiaren gaineko zergarik edo ordainagiririk gabeko gure ekonomia partikularretan parte hartzen dugunean.