Dena sailkatzea eta ordenatzea gustatzen zaigun garaian bizi gara. Kosta egiten zaigu sailkapenak alde batera uztea, baita garaipenak ospatzerakoan ere. Lehenengo mailakoa ala bigarren mailakoa den, emakumezko edo gizonezkoen taldekoa den, oriotarra, aiarra ala beste nonbaitekoa den, ababorra ala istriborra den, aurrekalari edo hankeko den, scull edo puntan arraun egiten duen, lemazain ala patroia den, irabazle den edo ez duen irabazi… Sailkapen pertsonalizatuez gain, argi dugu, irabaztea gustatzen zaigu eta kolore horia defendatzen dugu.
Igandekoa ez da lehen aldia izan, 2012an igo ginen lehenengo aldiz asteburu berean hiru taldeak udaletxera, eta 2019an behin baino gehiagotan errepikatu genuen. Jendeak azkar ahazten ditu horrelakoak ordea, bakoitza bere interesen araberako sailkapen pertsonalizatuan murgiltzen baita eta asteburukoa historikoa eta lehen aldia dela diotenak azaldu dira. Ados, Orioko estropadan (ACT eta EuskoTren ligan) neska–mutilek egun berean irabazten duten lehen aldia izan da, hori erosten dut.
Asteburuan bizitakoa zoragarria izan da. Ate joka ibiltzetik sarrerako atea bota eta etxe barrura firme eta gogoz sartu ziren batzuk, olatu gainean besteak eta Bizkaiko ibaian kolore horia gazte defendatuz besteak.
Sailak alde batera utzi eta plazan denak elkartzea lortu dugu. Denak diodanean ez naiz udaletxera igo diren hiru taldeez bakarrik ari. Larunbat goizean kamisetak jasotzera gerturatu ziren 1.000tik gora bazkidetatik hasi, bai larunbat eta baita igandeko estropada ikustera gerturatu zinetenekin jarraitu, eta asteburua amaitzeko igande iluntzean plazan elkartutako zaletu guztiez, arraun eskola kide gehienez, familiarrez, adin tarte guztietakoez eta herritar eta herritar ez direnez ari naiz.
Askotan aipatzen da Oriok baduela esentzia bat, eta aspaldiko partez hori sumatu nuen asteburuan. Jendea irrikaz, kamiseta horiak jantzita, bataren eta bestearen alde egiten. Ez bakarraren alde. Ez baten edo bestearen alde.
Adin guztietako jendea estropadak, etxetik, pantaila handian, mugikorrean edo zuzenean ikusten, lehorretik, kayaketik, taula gainetik, hordartzatik, motorretik edo txalupatik. Txaloak gogoz jotakoak izan ziren bai espigoian, bai itsasertzean, bai plaza parean, zubi azpian eta udaletxera begira. Ilusioa eta zirrara, denak udaletxera begira, denei berdin. Aspaldian askorengan itzalita zegoen grina pizten ari denaren seinale izan zen igandekoa. Ez dadila azkena izan, historia idazten eta istorio horiak kontatzen jarrai dezagun herri bezala, denak elkarrekin eta batera.
Ez al da ederra izan asteburukoa?