Ikurrina

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko abu. 21a, 12:29

Orioko gizonezkoen bigarren taldeko arraunlariak udaletxeko balkoian. (Joxe Julian Olasagasti)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du zortzigarrena.

Zerbait berezia badu Zarauzko Ikurrinak. Garai batean pentsatzen nuen gertutasunagatik zela, aldameneko herrian izanagatik, herriko eta inguruko jende asko gerturatzen zelako. Larunbatean oinez gerturatu nintzen, eguraldia lagun, nahiz eta azkenerako eguzkiak gogorregi jotzen zuen. Arratsaldean aldiz trenean gerturatu eta autobusez itzuli. Hori nahikoa ez eta igandean motoz heldu nintzen. Arraunean bueltatzea falta zitzaidan, edo itsasontzian.  

Gertutasunaz gain zerbait gehiago bazuela ere konturatu nintzen aurrerago. Bi egunetara jokatzen delako? Ikurrinarengatik? Ikurrina bera ere bada berezia, oihal bikoitza, ikurrina bi aldeetara eta hizkiak bordatuta. Makila ere ederra. Horrelako gutxi geratzen zaizkigu inguruetan, geroz eta ohikoagoak baitira serigrafiatutako eta oihal bakarreko banderak.  

Hori guztiaz gain historia ere badu. XLVI. edizioa mutiletan eta XV.a emakumezkoetan. Emakumezkoen traineruak martxan jarri zirenetik lehen liga horretatik izan da presente ikurrina hori ligaren amaierarekin batera. Beraz, ikurrinaz gain ospakizun bikoitza izan ohi du. Ezin ahaztu Kontxaz aparte emakumezkoen sariak berdindu zituen eta mantentzen dituen estropada bakarrenetakoa dela (bakarra ez esatearren). 

Eta asteburuko emaitzez erreparatuz, larunbatean Orioko gizonezkoen taldeak bihotza erritmo bizian jarri zigun bati baino gehiagori, amesten jarraitzeko eskatuz. Igandean ez zen halakorik izan. Animoak Orioko bi traineruentzat denboraldiari gelditzen zaionerako. 

Zoriondu Zumaiako eta Zarauzko neskak asteburuko garaipenengatik. Ezin ahaztu Orio B-koak, ligako garaipenagatik. Zein aberasgarria izan den duela urte batzuk infantil mailan entrenatzen nituen horiek ontzian arraunean eta udaletxeko balkoian banderak astintzen ikustea. Bejondeiela!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide