Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek asteartean Donostiako udaletxe atarian egindako agerraldian zehaztu zutenez, larunbateko mobilizazioko aldarriak Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek entzutea nahi dute, eta baita ere "protesta entzun dadila Donostian, Gipuzkoako hiriburu ustelean". Izan ere, mugimenduko kideek gogorarazi dutenez, "Donostia da Gipuzkoako herrien artean gutxien birziklatzen duena, gero eta diferentzia handiagoz gainera. Eta, horrela, Donostia da Zubietako erraustegi kutsatzailea gehien elikatzen duena".
Nazioarteko adituek Zubietako erraustegiaz egiten ari diren ohartarazpenak ere ekarri zituzten gogora agerraldian. "Urtetik urtera pilatzen ari dira erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak. Gure artean ToxicoWatcheko ikerlariek erakutsi dute zenbat pozoi ari den zabaltzen erraustegia inguruko lur, aire eta uretan. Eta pozoi horien azken biltegia geu gara, inguruko landareak, animaliak... eta pertsonak: gu geu eta gure ondorengoak, geu gara hondakinak erretzearen kalteak nozitzen ditugunak".
Egoera horren aurrean, Donostiako eta Gipuzkoako agintariei "arduraz jokatzea" eskatu diete, eta, halaber, Zubietako erraustegia geldiaraztea eskatu dute. Orioko Irriparra Berreskutau taldetik, larunbateko deialdian parte hartzera gonbidatu dituzte gainontzeko oriotarrak.