Gipuzkoan (batzuk) birziklatzen dugu, erraustegia itxi ezazue!

Erabiltzailearen aurpegia Irriparra berreskuratu!! 2025ko ira. 12a, 10:56

Zubietako erraustegia.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza katea antolatu du igande honetarako. Kontxako hondartzan zehar izango da, 11:00etan Alderdi Ederretik hasita. Mobilizazio honekin eskatuko dugu itxi dezatela Zubietako erraustegia, itxi dezatela beharrezkoa ez den erraustegi garesti eta kutsatzailea; eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetu dezatela herri guztietan.

Duela aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua, Jose Ignacio Asensio, komunikabideetan azaldu zen hondakinen kudeaketari buruz hitz egiteko. Bere esanetan, Gipuzkoak betetzen du Hondakinen Legeak 2025erako ezartzen duen helburua: %55 gaika biltzea. Gainera, azken urteetako bilakaera ikusita, Gipuzkoako gaikako bilketa goia jotzeko puntuan omen dago.

Adierazpen hauek oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduak hainbat zehaztapen egin nahi ditu. Asensiok eta berak ordezkatzen duen aldundiak nola har dezakete haien meritutzat Gipuzkoako gaikako bilketa! Aldundiko gobernuan EAJ-PSE, Asensio barne, daude 2015az geroztik eta bederatzi urteotan gaikako bilketak %7 egin du gora. 2011-15 legealdiko urte bakarrean (EH Bildu), 2014tik 2015era, gaikako bilketa %6 igo zen. Aurpegia behar du ia 10 urtetan erraustegi garesti eta kutsatzailea eraiki besterik egin ez duenak, gaikako bilketaren domina jarri nahi izateko: urteko bataz bestekoa ez da %1era heltzen. Eta beraien porrota disimulatzeko kafe kapsulen bilketa %27ra igo dela esan dute.

Bestetik, Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketak ia goia jo omen du, Asensiok dioenez. Nola esan dezake gizon honek honelako gezurrik, berak aitortzen duenean hainbat herritan beherantzko joera antzeman dela azkenaldian, eta badirela gaikako bilketa asko hobetu dezaketen mankomunitateak?

Konparazioak egitea ez omen da ona, baina nahitaez azaldu behar da nor ari den eta zertan. Beti ere aldundiko 2024ko datu ofizialetan oinarrituz, Sasietan %76,08 gaika bildu da eta San Markon %49,68. San Marko Mankomunitateko herrien artean, Hernanin %77,04 bildu da gaika eta Donostian %41,58. Donostian bezala EAJko alkatea eta Gobernu Batzordean PSEk parte hartzen duen Beasainen %77 biltzen da gaika. PSEko alkatetza duen Irunen %51 biltzen da gaika, eta alderdi bereko alkatea duen Zumarragan, %71.

Nola esan dezakezu, Asensio jauna, goia jotzeko puntuan gaudela? Donostiak, Irunek, Eibarrek, Elgoibarrek, Hondarribiak... guztiek gaikako bilketa %50 inguruan edo baxuago dutenek, Beasain, Bergara, Zumarraga, Hernani mailara helduko balira 15 puntu baino gehiago egingo luke gora gaikako bilketak Gipuzkoan.

Baina hemen beste arazo bat agertuko litzateke; gaur egungo errefusa erretzeko Donostiako erraustegiak dituen bi labeetatik bakarra nahikoa da, eta herri hauek denak gaikako bilketa behar bezala egiten duten egunean are eta ageriago geratuko da Gipuzkoak ez duela erraustegirik behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAJ eta PSEko agintariek hondakinen inguruan greenwashing merkea egiten duten bitartean, Zubietako erraustegiak jarraitzen du gau eta egun inguruko izaki bizidun guztiak, lurzorua bera, landareak, animaliak eta bertan bizi garen gizakiok pozoitzen.

Hondakinak birziklatu, ez erre
Donostiak ere Hondakinen Legea bete dezala
Erraustegia gelditu
Ez, ez, ez! Errausketarik ez!

Babesten dute: ELA, ESK, LAB, STEILAS, CCOO, EHBildu, Ezker Anitza, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide