GUTUNA

Erraustegiak egunero kutsatzen gaitu, erraustegia gelditu!

Erabiltzailearen aurpegia Irriparra berreskuratu!!

Larunbateko mobilizaziorako Donostian egin zuten agerraldia. (Utzitakoa)

Irriparra Berreskuratu Orioko taldeak honako gutuna helarazi du, eta larunbat honetan Donostian aldundiaren egoitzaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu Gipuzkoako herritarrak.

Zubietako erraustegia hasieratik eta egunero kutsatzen ari da inguruko pertsonak, animaliak, landareak, lurzorua eta ingurumen guztia.

Behin eta berriro adituak ari zaizkigu ohar nabarmenak egiten: urtetik urtera pilatzen ari dira erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak.

ToxicoWatch fundazioaren azterketek garbi erakutsi dute hori, eta erraustegiaren jabeek –Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK partzuergoak– ordainduta BioGipuzkoak egindako ikerketak ere hala erakutsi du, gero hedabideetan egia ezkutatzen saiatu arren.

Aginte publikoek ez dute betetzen beren eginkizuna erraustegia bezalako fabrika arriskutsuak kontrolatzeko. Ez dituzte kontuan hartzen kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak; ez dituzte ikertzen behin eta berriz erraustegian gertatu diren sute eta istripuak; ez dute konpondu azken bost urteotan Arkaitzerreka kutsatzen duen isuri pozoitsua; Arkaitzerreka pozoitzen ari direla erakutsi du Guardia Zibilaren SEPRONA unitateak berak… eta horri ere ezikusia egiten diote.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta errausketa sustatzen duten alderdiek ez dute kontuan hartu erraustegiari ezetz esaten zion herritarraren hitza, ez dute kritikarik txikiena ere onartu, beren erabakietatik kanpo utzi dituzte herritarrak eta mugimendu sozialak. Hala baztertu dute hasieratik GuraSOS elkartea. Orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman dionean GuraSOSi… hainbeste urte pasa eta gero… hainbeste kalte eragin eta gero… orain zer egin behar dute Foru Aldundiak eta erraustegiaren propagandistek?

Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten die Gipuzkoako herritarrei Gipuzkako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatzera maiatzaren 24an, eguerdiko 13:00etan. Berriro ere ozen aldarrikatu behar dugu: erraustegiak egunero kutsatzen gaitu, erraustegia gelditu!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide