Hondakinak erraustearen aurkako banderolen jira ikusi ahal izan da larunbat goizean, Zubieta aldean. Handik nahiz Kaleberretik abiaturiko herritar zutabe bana elkartu dira, albiste honetan protagonista dugun Arkaitzerreka ondoan, Artzabaleta parean. Handik gora oinez abiatu dira gero, etenik gabeko kutsaduraren iturburura, erraustegiaren eragina azaleratzen ari den erreka hurbiletik ikusi, gaurkoan baita usaintzera ere. Kiratsa zerion eta Arkaitzerrekari.
Guztia, Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolaturiko ibilaldi gidatuaren baitan izan da. Mugimenduko ordezkarien eskutik, duten informazioa partekatu eta azalpenak jaso dituzte bisitan parte hartu dutenek.
Abiatu aurretik, agerraldia egin dute Artzabaletan. Bi salaketa nagusi plazaratu nahi izan ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak adierazpenaren bidez. Batetik, ezkutatu egin nahi dutela orain arte Arkaitzerrekak azaleratu duena; erraustegia bera sortzen ari den kutsadura. Eta erakusten ari den zikinkeria itsasora desbideratu nahian dabiltzala.
Egoera honetan, eskaera bana luzatu diete agintari, hedabide eta herritarrei: Gipuzkoako arduradun politikoei herria gertatzen ari denaz informatzea eta erraustegia geratzea; komunikabideei "bilatzeko eta kontatzeko Zubietan gertatzen ari den delitu larri honen egiak". Gipuzkoarrak mobilizatzera deitu dituzte, hondakinen kudeaketa sistema eraginkortzea galdegitearekin batera.
Arkaitzerreka, Zubietako erraustegiaren pozoien biktima... eta froga
Hemen bildu gara Zubietako Arkaitzerrekaren egoera gertutik ezagutzera. Zubietako erraustegia eraikitzeko lur pila handi baten azpitik tutu estu batean pasatzera kondenatu zuten eta orain erreka txiki hau bihurtu da erraustegiaren biktima... eta isurtzen dituen pozoien lehenbiziko froga. Hona hemen egoera, labur esanda:
2020ko maiatzean Zubietako herritarrak ohartu zirenetik, bi urte eta erdi hauetan kutsatuta datoz Arkaitzerrekako urak eta tartean harrapatu dituen arrain guztiak akabatu ditu.
Bi urte eta erdiotan Zubietako jendeak eta erraustegiaren kontra eta hondakinentzako alternatiba hobeen alde ari diren gizarte mugimenduek eten gabe eskatu dute informazioa, salatu dute pozoiketaren arriskua, eskatu dituzte erantzukizunak.
Bitartean zer egin dute erraustegiaren kudeatzaileek, instalazioen ardura duen GHK partzuergoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak? Hasieran ukatu egin zuten Arkaitzerrekako kutsadurak erraustegiarekin zerikusirik bazutenik. Geroztik, loturaren bat badagoela onartu dute baina herritarrei ez diete azaltzen zer gertatzen ari den. Eta hondakinak erretzeko prozesuan berdin-berdin segitzen dute.
Gizarte mugimenduen lanari esker, eta Gipuzkoako fiskaltzak ikerketa bat abiarazi duelako, erraustegian gertatzen ari diren arazoen zantzu batzuk azaldu dira. GHKko arduradunak ahopetik hasi dira onartzen zenbait matxura dauzkatela, suteak gertatu zaizkiela instalazioetan, erraustegiak filtrazioak dauzkala... baina herritarrek segitzen dute jakin gabe zer ari den gertatzen.
Eta azkeneko albistea da orain erraustegiaren arduradunek erreka honetan, justu kutsadura dakarren tutua lurpetik ateratzen den aho horretan, lau metro kuboko biltegi handi bat eraiki eta ur pozoitua erraustegiaren mailaraino igo nahi dutela, han saneamendu sarearekin lotzeko. Hau da: erraustegian zer gertatzen ari den argitu gabe, pozoiak nondik alde egiten duen aitortu gabe eta ihesa konpondu gabe... ur kutsatuak bidali nahi dituzte etxeetako komunetako ur zikinak balira bezala Loiolako araztegira, azkenean Donostian itsasoratzeko.
Horrekin guztiarekin, Arkaitzerreka pozoitu ondoren hiltzeko zorian utziko dute, euririk ez denean erabat agortuta geratuko baita. Bere arrainak akabatu ostean, Arkaitzerreka hil nahi dute, horrela ezkutatzeko erraustegiaren pozoien froga.
Hori da gaur ikusiko duguna, Errausketaren Aurkako Mugimendutik antolatu dugun bisita gidatu honetan. Hemendik agintariei dei egiten diegu axolagabekeria larri hau behingoz eten dezaten, jendeari esan diezaioten benetan zer ari den gertatzen eta erraustegia gelditu dezaten. Komunikabideei eskatzen diegu bilatzeko eta kontatzeko Zubietan gertatzen ari den delitu larri honen egiak. Eta Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu mobilizatu daitezela erraustegia gelditzeko eta nork bere etxean eta udalerrian hondakinak hobeto kudeatzeko sistemak ezartzeko.
Errausketarik ez! Ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon!