Ekitaldi bakar eta berean, GuraSOSek hitzaldia eta bilera deitu ditu ostegunerako, urriaren 20rako, 19:00etan hasita, Usurbilgo Sutegi aretoan. Hitzaldiari dagokionean, Fernando Palacios zientzialariak eta Joseba Belaustegi abokatuak hartuko dute hitza. Lehenak erraustegia sortzen ari den kutsadura larriaren berri emango du, (dioxina eta bestelako toxikoekin) eta azalduko du honen eragina zein den ingurugiroan eta osasunean. Bigarrenak gertaera hauen ikerketa judiziala eta polizialaren azken berriak azalduko ditu.
"Hitzaldiaren bukaeran, berriz, estrategia berria labur zuekin partekatuko dugu", adierazi dute. Izan ere, GuraSOSetik ohartarazi dutenez, "erraustegiko proiektua inoiz baino ahulago dago eta inoiz baino baldintza hobeagoak daude geldiarazteko". Zehaztu dutenez, "transformadore nagusia izorratu dute, kutsadura oso larria atzeman da lurretan, azpiko uretan eta azaleko uretan, horien artean dioxinenak... Hori dela eta hainbat ikerketa kriminal irekita daude epaitegian nahiz fiskaltzan....". Testuinguru honetan, "GuraSOSek erabaki du sozializazioa, sentsibilizazioa eta mobilizazio soziala berpiztea. Berriro aktibatzera goaz eta zuen beharra izango dugu antolatuko ditugun hainbat ekimen aurrera eramateko edota mezuak zabaltzeko".