GuraSOS: "Erakunde politikoek gai lotsagarri bat dute eskuetan, berehala konpondu beharrekoa"

Arkaitzerrekako hondamendiaren inguruko oharra plazaratu du GuraSOSek ostiral arratsalde honetan. Ustezko isurketa baten aurrean baino "balizko lixibiatuak iragaztearen aurrean" egon gaitezkeela dio. Gertatu denaren ostean, "erakunde administratibo eta judizialek erantzukizunak argitzeko betebeharra dute. Eta, jakina, erakunde politikoek gai lotsagarri bat dute eskuetan, berehala konpondu beharrekoa".

Erreakzio gehiago, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekan egunotan izandako gertaeren inguruan. GuraSOSek oharra plazaratu du ostiral arratsalde honetan. Lehenbizi, kontuan hartzeko datu bat kokalekuaz. "Hiru egun dira, dagoeneko, diametro handiko hodi batetik likido okre-gorrixka eta aparra ateratzen ari dela. Hodi horrek Arkaitz Erreka errekara isurtzen du, Tratamendu Mekaniko Biologikoko instalazioak eta erraustegia dauden plataformatik behera".

Gertatu denarekiko dagoen isiltasuna deigarria zaio GuraSOS-i, "ingurumeneko edo industriako kontrol-eskumena duen ezein agintarik, batez ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela inolako oharrik argitaratu, ez eta erraustegiko instalazioetan ikerketa- edo ikuskapen-eginbideak burutu ere. Ez da izan ez 112ren oharrik, ez eta horri buruzko bestelako publizitate edo informazio ofizialik ere".

Deigarria iruditzen zaio baita, "GHK, arduraduna izatearen susmagarri nagusia, ikertzaile "ofizial" moduan agertzea, toki horretako instalazio arriskutsu eta kutsatzaile bakarraren titularra denean, eta, horregatik, ikertu egin beharrekoa". Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hain zuzen, ohar labur bat helarazi die egunotan hainbat hedabideei. GuraSOSen esanetan, "ez du ukatzen gertaerarekin zerikusirik duenik. Argi dago instalazio horietatik ez dela isurketarik egin. Begi-bistakoa dela diogu, inork ez baitu esan isurketarik egon denik. Are gehiago, sare sozialetan argitaratutako bideoek agerian uzten dute 2020ko maiatzeko isurketa gertatu zen isurketagunea dagoen kanala garbi dagoela. Plataformaren ondoko drainaren irteeran sortzen da arazoa, ur beherago dagoena. Horrek esan nahi du ez gaudela ustezko isurketa baten aurrean, baizik eta balizko lixibiatuak iragaztearen aurrean —kontuan izan isurketaren eta iragazketaren arteko aldea—, edo lurrean iragazi eta kutsadura-gertaera eragin duten instalazioetako prozesuetan sortutako beste substantzia batzuk".

Horren harira, GHK-k "existitzen ez den isurketa egon izana ukatzen du. Baina ez du ukatzen, adibidez, filtrazio baten aurrean gaudenik". Eta zer jazo den ezagutzekotan Kontsortzioak jakin dezakeela dio GuraSOSek. "GHK da gertatzen ari denarekin zerikusia izan dezaketen azken aste edo egun hauetan egin diren eragiketak ezagutzeko egoeran dagoena. Hondakinen hobiak, lixibiatuen kutxatilak edo bestelako instalazioak garbitzeko edo mantentzeko lanak bururatzen zaizkigu. Bere betebeharra da datu horiek publiko egitea eta gardentasun osoz jardutea".

Ikerketapean, emaitzak fiskaltzaren esku
Halere, argi du GuraSOSek, "ez dute egingo eta hori oso larria da administrazio publikoa den heinean. Baina eskandalagarria da Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila in situ ikerketa bat egiten ez aritzea poluzioaren jatorria ezagutzeko. Edo aztarnak desagertu zain daude? Egunak pasatzen diren bitartean, gizarteari ulergaitza egiten zaio inork ezer ez egitea".

Baina aipatu eragiletik ohartarazi dutenez, "berriro ere gizarte zibilak salatu du gertaera berri hau, eta ikertzen ari da. Ikerketa horien emaitzak fiskaltzaren esku daude dagoeneko, eta azkar eta zehaztasunez jarduteko eskatzen diogu. Gizarteak eskubidea du gertatzen ari denaren larritasuna, ingurumenean duen eragina eta, jakina, horren arrazoiak eta erantzuleak ezagutzeko".

GuraSOSek gogorarazi duenez, "erakunde administratibo eta judizialek erantzukizunak argitzeko betebeharra dute. Eta, jakina, erakunde politikoek gai lotsagarri bat dute eskuetan, berehala konpondu beharrekoa. Ezin gara bizi ingurumen-arazoak eta ziurgabetasuna etengabe sortzen ari diren instalazio opaku batzuen etengabeko mehatxuarekin. Kontrol demokratikoa, orain!! Porrot egin duen proiektuari behin betiko irtenbide politikoa!".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide