Zer ari ote zaigu ekartzen Andatza magaleko erraustegia egunero-egunero ingurura? Airea, lurra, ura eta izadia salbu ote dira ezkutuko kontrol edo deskontrol batean erretako era guztietako milaka tona hondakinetatik? Zaldibarren luizia gertatu ostean soilik igo al ziren ingurugiroaren toxizitate mailak? Zer ote dakar zabortegi inguruetan intoxikazio maila oso altuak sortu dituen zaborra etxe ondoan erretzeak?
Ba egia esan, hobe ez jakinda. Onena genuke, berehala tximinia horiek itzali eta zaborren kudeaketa egoki bat egiten hastea. Gure agintariak ez daude ordea bide hori hartzeko. Argi dago, edozein preziotan kamioiak hondakinez gainezka nahi dituztela. Bestela, zertarako eraiki ote dute Gipuzkoak sortzen duen hondakin kopurua baino askoz tona gehiago hartzeko gaitasuna duen erraustegia?
Horren aurrean hainbat herritarrek borondatez Zubietako erraustegiak inguruan sortzen duen kutsadura ikertzeko hautua bere gain hartzea erabaki zuten. Lehendabiziko ikerketa da, lehendabiziko aztarnak, hondakinak errausten hasi aurretik hartu direnak; eta emaitzek urtez urte sortzen ari den pilaketa toxikoa adieraziko dute.
Horrenbestez, Irriparra Berreskuratuk ikerketa hori laguntzeko aukera emango dizu apirilaren 30ean. Etxeluze gaztetxean izango den Herri Bazkarian parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Patata minak, babarrunak eta bizkotxo goxoak jateaz aparte, jai giro ederra izango da. Haurrentzat Slak linea, goitik behera, skate parka eta hainbat jolas izango da, eta bazkalostean, kantatzeko eta txalaparta entzuteko aukera. Jarraian, 20:00tan hasita, Marmol (Bilbo), Fly Shit (Bergara), Nastelen (Alkiza) eta Mate (Zarautz) taldeek kontzertu bana eskainiko dute.
Beraz, gogorik baduzue behintzat, aukera bikaina duzue gure etorkizuna argitzen laguntzeko.