Judoko Nazioarteko Txapelketa jokatu zen igandean Villares de la Reina-ko (Salamanca, Espainia) udal kiroldegian, eta Judo Klub Lizardi taldeko Itxaso Manzanas oriotarra hirugarren izan zen 44 kiloko kategorian.
Lehiaketa horretan 134 judokak parte hartu zuten, Espainiatik –Castilla-Leon, Castilla La Mancha, Madrid, Extremadura–, Portugaldik eta Euskal Herritik joandakoak. Gainera, hemezortzi arbitro eta hogeita hamahiru teknikariren laguntza izan zuten.
Txapelketa goizeko 10:00etan hasi eta 14:00etan amaitu zen. Bertan egon zen egun 60 urte dituen Salamancako Vicente Zarza Juan judoka beteranoa; bere omenez antolatu zuten Judoko I. Nazioarteko Vicente Zarza Juan Txapelketa.