Orioko Futbol Taldeko infantil neskak futbol 11 kopako txapeldun

Zutik, ezkerretik hasita aurrenekoa da Itziar Irastorza entrenatzailea.

Denboraldian hogei neurketa jokatu dituzte, horietatik bost berdinduz eta hamabost irabaziz, eta guztira berrogeita hamar puntu lortu dituzte. Itziar Irastorza entrenatzailearekin hitz egin dugu.

Pasa den asteburuan, 12:30ean Oriokoko Futbol Taldeko infantil neskek kopako azken neurketa jokatu zuten, Ilintxa futbol taldearen aurka, 8-0 irabaziz. Aparteko denboraldia burutu dute Itziar Irastorzak entrenatzen dituen neskek. Igandean bertan, urrezko dominak jaso zituzten Gipuzkoako Futbol Federazioaren eskutik.

Neurketaren ondoren, Irastorzarekin hitz egiteko parada izan dugu.

Kopa irabazi duzue. Nola sentitzen zara?

Talde osoaren lana islatu dela esango nuke. Hogei neurketa jokatu ditugu, bost berdindu eta hamabost irabazi, deus ere galdu gabe.

Zerk bultzatu zintuen entrenatzaile izatera? Noiz eta nola hasi zinen?

Bat-batean izan zen. Entrenatzaile batek utzi egin zuen, eta entrenatzaile izatea proposatu zidaten. Bi aldiz pentsatu gabe onartu nuen. Beti izan dut talde bat zuzentzeko grina, eta aukera suertatu zitzaidanean ez zen denbora askorik pasatu baietza eman nuen arte.

Nolakoa da Itziar pertsona gisa eta entrenatzaile gisa?

Antzekoa naizela esango nuke. Pertsonalki, irekia naiz eta ez dut inolako arazorik izaten jendearekin komunikatzeko. Entrenatzaile lanean ere berdin gertatzen zait.

Erraza al da 13 eta 14 urte bitarteko neskak entrenatzea?

Alde batetik, nahiko polita dela esango nuke, adin tarte horretan gorabehera nahikoa izaten dituztelako eta hori kudeatzen jakitea oso garrantzitsua delako. Egia esan, oso adin polita da beraiekin konektatzeko. Badaude hain politak ez diren uneak, baina alboan izan dudan bigarren entranatzaileak, Xabier Munioitzek, asko lagundu dit; irakaslea da, eta berari esker asko ikasi dut azken bi urteetan.

Nolakoak dira entrenamenduak?

Asteazkenean indar-ariketak egiten ditugu eta ostiralean, berriz, baloiarekin jolasten dugu eta oinarrizko gauzak irakasten dizkiet, oraindik adin horretan ez baitakite guztia.

Entrenatzaile izateaz gain, Oriokoko Futbol Taldeko jokalaria ere bazara. Nola ikusten duzu zeure burua entrenatzaile eta jokalari gisa?

Erabat desberdina da. Jokalari gisa, kezka gutxiago dituzu eta errazagoa da. Entrenatzaile gisa, buruari buelta nahikoa eman behar dizkiot, alerta egoeran egon behar dut beti, eta karga gehiago dut.

Zure iritziz, zer baldintza bete behar ditu entrenatzaile on batek?

Garrantzitsuena futbola gustatzea, gogoa izatea eta indartsu egotea da. Entrenatzaile on batek bere kezkak alboan utzi eta energiaz beteta egon behar du. Eta ikasteko gogoa izan behar du.

Hurrengo denboraldiari begira, aldaketarik aurreikusten al duzu?

Dagoeneko antolakuntza lanetan dihardute, datorren urteko denboraldiari begira. Printzipioz, kopuru politak ikusten dira. Beraz, pozik egoteko moduan.

Nola ikusten duzu nesken futbolaren etorkizuna?

Azkenaldian izugarrizko saltoa eman duela esango nuke. Klub potoloagoak oso gainean ikusten dituzu, gero eta lehenago eta nahiz eta presio puntu hori nabaritu,  mutilen egoerara parekatzen ari gara.  Eta hori oso ona da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide