"Euskadiko Atletismo Txapelketa dugu helburu epe motzean"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia San Sebastian Corta 2024ko ots. 6a, 09:30

Larunbatean Atletismoko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Donostiako belodromoan, eta 300 metro, 600 metro eta 1000 metroko lasterketetan parte hartu zuen Orioko atletismo taldeko laukote batek: Elaia Lasarte, Xare Elortza, Julene Iturriotz eta Djiara Ndao.

Lehenengo lasterketa pista estalian. Zer nolakoa izan da?

Elaia Lasarte: Sentsazio onak izan ditut.

Xare Elortza: Sentsazio onak izan arren, oso desberdina da pista estalia eta aire libreko lurra.

Julene Iturriotz: Ondo sentitu naiz, baina desberdina da, airea ez duzu berdin hartzen.

Djiara Ndao: Ondo, baina oso desberdina da.

 

Zer nahiago duzu, pista ala aire librea?

E.L.: Pista nahiago dut, hobeto kontzentratzen naizelako eta txikiagoa eta erosoagoa delako.

X.E.: Aire librea nahiago dut, jendeari gutxiago entzuten zaiolako.

J.I.: Aire librea nahiago dut, pistan ez dagoelako aire asko, eta horrek larritzen nau eta gainera denbora guztian bueltaka joan behar duzu.

D.N.: Aire librea nahiago dut pistan estutu egiten naizelako.

 

Non entrenatzen duzu pistan? Eta nolakoak dira entrenamenduak?

E.L.: Hernanira joaten gara astean behin eta seriek egiten ditugu.

X.E.: Astean behin Hernanira joaten gara serieak egitera, baina Orion ere egiten ditugu.

J.I.: Laukote polita osatu dugu eta Hernanira eramaten gaituzte serieak egitera.

D.N.: Hernanin entrenatzen dugu normalean, eta batzuetan Orion, hondartzan eta Motondo inguruan.

 

Zer distantzia duzu gustukoen?

E.L.: Niri distantzia motzak gustatzen zaizkit, bostehun edo seiehun metroko distantziak.

X.E.: Motzak, ehun edo berrehun metrokoak edota oso luzeak, mila eta mila eta bostehunekoak.

J.I.: Bi kilometrokoak gustatzen zaizkit.

D.N.: Ez oso motzak eta ez oso luzeak.

 

Gustura al zabiltza atletismoan eta zergatik?

E.L.: Oso gustura nago, txikitatik gustatu zaidalako korrika egitea.

X.E.: Oso gustura nago, txikitatik gustatu zaidalako atletismoa eta nire familia osoa atletismoan dabilelako.

J.I.: Oso gustura nabil, laukote bat osatu dugu, eta eguneroko bizitzan asko laguntzen didalako.

D.N.: Ni ere oso gustura nabil.

 

Zer helburu dituzu epe motzean?

E.L.: Euskadiko Atletismo Txapelketan parte hartu ahal izatea.

X.E.: Euskadiko Atletismo Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka lortzea.

E.L.: Euskadiko Atletismo Txapelketan parte hartu ahal izatea eta egunerokotasunean pixkanaka markak hobetzen joatea.

D.N.: Euskadiko Atletismo Txapelketan parte hartu ahal izatea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide