Baikor bilatzen dut nire burua azkenaldi honetan. Neguaren ilunik beltzenak atzean utzi ditugulako izango da agian, baina aldeko haize arinak sumatzen ditut buruan, atzera eta aurrera. Erredakziotik atera eta ilundu bitartean lasai surf egiteko denbora dugu dagoeneko, eta horrek ere izango du eragina nire aldartean. Halako batean, ailegatu da udaberria.
Udalak aurkeztu duen Biziberritze Planari eman diogu aldizkariaren tarterik zabalena. Arraunetxeko aurkezpenean egon nintzen ni ere, eta han hasi nintzen erreportajeari bueltaka. Saioa bukatu aurretik, galderak eta iruzkinak egiteko aukera ireki zuten antolatzaileek, eta ekarpen interesgarriak entzuteko aukera izan genuen. Han aditutakoak buruan, eta txostena irakurri ondoren, bost norbanako eta herriko talde bateko ordezkariak elkarrizketatu ditut banaka-banaka, planaren argazki orokor eta orekatu bat egiteko helburuarekin.
Biziberritze Planari buruzko nire iritziari dagokionez, planak izan ditzake bere ahulguneak, baina egunak gauari minutu asko kendu dizkio dagoeneko, eta nahiago dut argitara egin, lehen aipatutako aldeko haizeen laguntzarekin.
Txosteneko helburu nagusien artean, herriaren izaera indartzea planteatzen du udalak, eta gaia lehen lerroan jarri izana balioan jarri behar da. Duela urte batzuk, oriotarron nortasunaren inguruko lanketa bat egin zen Orioko Curriculuma hezkuntza proiektuaren bidez, eta orain, turismo arloko hausnarketa batetik abiatuta ailegatu dira toki berera.
Moila bazterrean, plana teilatutik hasita eraiki dutela entzun diet batzuei, eta besteei, zimenduak ondo jartzen saiatu direla. Goitik edo behetik hasitakoa izango da, baina egitura bat behintzat badugu aurrean orain, proposamen edo bide-orri bat, nahi dugun herria egiten hasteko edo jarraitzeko.
Bestalde, interesgarriak dira Anuska Esnal alkateak hondartzaren inguruan errepikatu dituen azalpenak. Hondartza zaharrarekin batera galdu zen guztiak herritarron izaeran arrakala bat ireki zuela esan du, Biziberritze Planari lotutako adierazpenetan. Askok dugu min hori barru-barruan, eta alkatearen hitzek herri mailako aitortza bat egiteko balio behar dute: hondartzaren erabateko urbanizazioa huts egin duen proiektu bat izan da, eta herriari mesede gutxi eta kalte ugari eragin dizkio.
Halako gaiak lehen lerroan jarri eta etorkizunera begira zer nahi dugun proiektatzeko balio behar du planak, gure buruari galderak egiteko baliatu behar dugu. Abiapuntu modura ulertuz gero, aukera berriak sortuko ditu eta gauza onak ekar ditzake, baina gogotik lan egin beharko da horretarako.