Zarata goizean goizetik

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2026ko abuztuaren 6a

Pertsona bat belarra mozten. (Pixabay)

Herritar batek kexa adierazi du brigadako langileak Kultur Etxe atzeko berdeguneko belarra mozten aritu zirelako atzo goizean goiz.

Oriotar batek Herritarren Leihotxora mezua bidali du, kritika edo kexa zehatz bat helarazteko: "Zarata handia ateratzen duten zereginak, nahitaezkoak ez direnak, goizean goiz egin behar al dira, gainera abuztuan?". Azaldu du zaratak esnatu zuela atzo, abuztuak 5, eta erlojuari begiratuta, 08:00ak ere ez zirela. Segundo gutxi behar izan omen zituen soinuaren jatorria identifikatzeko: "Udaletxeko brigadako langileak ziren, Kultur Etxe atzean dagoen berdegune txikiko belarra mozten makinekin, zarata handia eginez".

Herritar horrek argi du "lan batzuk derrigorrean" egin behar direla desorduetan izanda ere, esaterako, zabor bilketa. "Beste batzuk, ordea, herritarren deskantsua izorratu gabe egin daitezke, ez baitira presazkoak izaten; belarra moztea, esaterako". Arduradunek "hausnartzea" nahiko luke, eta halako lanen ordutegia aldatzea. "Ordubete edo bi atzeratzearekin nahikoa litzateke", nabarmendu du. 

Harremanetarako

Herritarrek Gukara bidalitako kexak, iradokizunak nahiz esker oneko mezuak jasotzeko gunea da Herritarren Leihotxoa.

Mezuren bat bidaltzeko, nahikoa da Orio Gukaren helbide elektronikora idaztea: orio@ukt.eus

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide