Hemen bi lore, biak Orion gehien gustatzen den kolorekoak: horiak. Bata zein bestea landare gogorrak dira, dunetan hazteko gai baitira, izan litekeen habitatik txarrenean. Lurra izena merezi duenik ez da bertan, haizeak etengabe hara eta hona darabilen hondarra besterik ez. Gainera, udan eguzkiak hondar soila izugarri berotzen du, oin zolak erretzeraino, eta bero horrek landarea kiskal dezake. Han bizirauteko, lore horidun bi landareek sustrai luzeak dituzte, eta ur eskasiari zein gehiegizko beroari aurre egiteko moldapenak.
Hor amaitzen dira bi landare hori horien antzekotasunak. Hortik aurrera, desberdintasunak: bat handia eta nabarmena da; bestea xume-xumea. Ziur handia ikusi duzula; txikia ikusi al duzune z dakit.
Handiak Oenothera du izena, eta jatorriz amerikarra da. Genero horretako zenbait espezie ekarri izan ditugu handik lorategietan landatzeko. Askok, ordea, lorategietatik ihes egin izan dute, batzuetan beraien artean hibridatu izan dira, eta ondorioz, gero eta toki gehiagotan daude ikusgai. Dunetan ez ezik, bide bazterretan, lurra harrotu berria den tokitan eta abar.
Txikiak Linaria supina du izena, eta Kantauriko endemikoa da. Alegia, Frantziako Loira ibaitik hasita, Asturiaseraino iristen da, eta beti kostaldeko dunetan egon ohi da. Munduan ez da beste inon hazten. Bizi den tokietan nahikoa ugaria izan da orain arte, eta arriskurik handiena duna desagertzea zuen. Zenbat populazio ez ote diren galdu hondartza inguruan kanpinak, tabernak edo malekoiak eraiki ondoren!
Gaur, ordea, Linariak beste bat du arrisku nagusi: Oenothera. Segi ezazu Antillako dunetara, eta han ikusiko duzu nola gailentzen den Oenothera inbaditzailea, Linaria bezalako espezie xumeagoak itoz eta desagertzeko arriskuan jarriz.
Ez dizut galdetuko bietatik zein duzun gustukoen, handi nabarmena ala txiki xumea. Baina bata munduan barrena gero eta gehiago hedatzen ari da, bestea, hemen bakarrik hazten dena, arriskuan jarriz. BigMac ala arraina Orio estiloan? Hortxe dago koxka.