Burruntzia eta sorgin-orratza

Erabiltzailearen aurpegia Herrio natur taldea

Goian, burruntzia, eta behean, sorgin-orratza. (Arturo Elosegi)

Aia-Orio Guka aldizkariko iraileko Aurkia eta ifrentzua ataleko irudiak dira honakoak. Herrio natur taldeko kide Arantza Txintxurreta da testuaren egiltea, eta argazkiena, berriz, Arturo Elosegi. 

Oriako ur azala laztanduz ia, hegan dakusagun intsektuak dira, baita Zaraguetako putzuan ere. Horzdun baraila sendoak, antena txikiak eta begi handiak dituzte, gorputz distiratsua eta bi hego pare luze: hegaldiak ez du parerik intsektuetan, indartsua da, azkarra eta bat-batean alda dezakete norabidea, errugbilarien antzera; bereziki, burruntziek. Hegoak dira bi taldeak bereizteko pistarik onena: burruntzien (anisopteroak) atzeko bi hegoak aurrekoak baino zabalagoak dira eta sorgin-orratzetan (zigopteroak), berdin-berdinak. Gainera, azken horiek hegoak bertikalean jarriz hartzen dute atseden, eta burruntziek, aldiz, horizontalean.

Dena den, larba izaten da formarik arruntena intsektu hauen bizitzan. Burruntzien larbak trinkoagoak dira akaso, baina ez dira desberdintasunak erraz bereizten, hasteko, ur azpian bizi direlako!

Arrautzatik jaio eta heldu hegalari eta ugaltzeko gai bilakatu arte, larbak hainbat muda pairatuko ditu, azal gogorreko estalki baten barruan bizitzera kondenatuta dagoelako. Ulertuko dugu adibide arrunt honekin: 25 urte zenituenean kuadrillako horren ezkontzarako erosi zenuen traje dotorean –garestian- sartu zara 55 urte dituzun honetan; ezin zara mugitu. Orain, erraz jar gaitezke larba horren tokian, jan eta jan ibili ondoren pisua hartu eta hartu ibili dena, baina tamaina handitu gabe, kitinazko (substantzia gogor-gogor-gogor bat, ezkontza hartako nekorak bezalakoak) azal gogorra muga zuelako; ezin kabitu denean, estalkia pikutara bidali eta berri bat sortzen du, aurrekoa baino handiagoa. Nola handiagoa? Hori bai polita, begira: pisua gehiegizkoa denean, estalkiaren barnean organoak estu daude eta larbaren burmuinak muda prozesuari ekiteko agindua ematen du, hormonen bidez. Lehenik estalki zaharra hausten da eta, berria gogortu bitartean, larbak ura irensten du bolumena handitzeko. Azal berria –gogorra– bolumen berrira egokituko da. Ondoren, ura janariz ordeztuko du, organoak berriro estutu arte. Prozesu bera egingo du hainbat urtez, espeziearen arabera, heldu bihurtu arte. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide