Hona bi harribitxi, bi iratze, gurean bizi bai, baina gutxik ikusi, eta ia inork ezagutzen ez dituenak. Hain ezezagunak, izenik ere ez dute, ez euskaraz, ez gaztelaniaz. Biologook, ordea, ezin etsi izenik gabeko bizidunak ikusita. Bati Woodwardia radicans eta besteari Stegnogramma pozoi jarri diegu izena.
Eta zer dute berezi bi iratzeok izen ikastezinez gain? Biak ala biak banapen zabalekoak izanik, aldi berean urriak direla, gurean oso urriak. Woodwardia jatorriz Madeira, Kanariar Uharteak, Azores, Algeria, Sizilia, Kortsika eta Iberiar penintsulan hazten da. Stegnogramma, antzeratsu, Madeira, Azores, Iberiar penintsulan, baina baita Afrikako ekialdean eta hegoaldean zein Asia tropikalean ere. Banaketa horrek jada zenbait galdera sortzen ditu: nola da posible espezie bat hain toki urrunetan bizitzea? Nola zeharkatu ditzake ozeanoak iratze batek? Zergatik ez da beste hainbat tokitan bizi?
Esan dugunez, iratze horiek banapen zabalekoak, baina, aldi berean, urriak dira. Nafarroan toki bakar batean bizi dira, Gipuzkoan gehixeagotan, baina beti zoko epeletan, ilunetan eta oso hezeetan. Itsasotik hurbileko erreka zulo ospelak dituzte maiteen, eta horietako bizi baldintzak alda ditzaketen jarduerak arrisku nagusien: abeltzaintza, baso mozketak, errekako ura desbideratzeak eta abar. Hain urriak izanik, bi espezie horiek Nafarroan galzorian daude, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Woodwardia kaltebera deklaratua izan da.
Bi harribitxi, hortaz. Ez dute lorerik, ez dira oso nabarmenak, baina begiak pixka bat trebatzen baldin badituzu, erraz bereiztera iritsiko zara. Horrelako espezieak aipatzean askok galdetu izan didate: "Baina zertarako balio dute?". Hori galdetu didanak, ordea, ez du inoiz azaltzen jakin berak zertarako balio duen. Dinosauroak baino zaharragoa den landare talde batean, Euskal Herriak Madeirarekin dituen loturak erakustea ez al da nahikoa balio?
Orain mendi abenturak indarra hartzen ari direla, hemen duzu erronka: ea topatzen dituzun bi espezie horiek Orioko lurretan. Topatzekotan, hori bai, argazkia atera eta bakean utzi.
