Eltxo arrunta vs eltxo tigrea

Erabiltzailearen aurpegia Herrio natur taldea 2026ko uztailaren 4a

'Aedes albopictus', lulapean. (Neiker)

Aia-Orio Guka aldizkariko maiatzeko Aurkia eta ifrentzua ataleko irudiak dira honakoak. Herrio natur taldeko kide Arantxa Txintxurreta da testuaren egilea; argazkiak Neiker ikerketa zentrokoak dira.

Eltxo arrunta Culex pipiens da, eta eltxo tigrea Aedes albopictus, espezie inbaditzailea. Biak dauzkagu Aian zein Orion. Esatea daukagu lehena marroia dela. eta bigarrena zuri-beltza; lehenak gorputza borobildua duela eta bigarrenak puntaduna... Baina nor geratuko da eltxoari begira, haren muturrak gure azala zulatzen duen bitartean? Zer inporta dio itxurak, jasangaitzak biak bazaizkigu! Azaldu dezagun, hortaz, garrantzitsuena, zera: nola egin horiek gure odoletik urruti mantentzeko.

Eltxo arrunta betiko eltxo gogaikarri hori da, gure belarri ondoan ñiiii higuingarria egiten duena, ohean goxo-goxo gaudenean. Gauez ateratzen dira. Baina, normalean, etxetik kanpo bizi dira, urmaeletan edo ura duten eremu naturaletan edo erdi naturaletan, arrautzak uretan erruten dituzte eta. Baina ur inguru hori ekologikoki orekan baldin badago, eltxo kopurua berez kontrolatzen da; gainera, beste espezie batzuen odola lehenetsiko dute. Hortaz, inguruan eltxo arruntik nahi ez baldin badugu, biodibertsitatea zaindu eta hezeguneen konplexutasuna errespetatu.

'Culex pipiens', lulapean. (Neiker)

Eltxo tigrea saihesteko, aldiz, etxeetan esku hartu beharko dugu. Horiek urbanitak dira, eta etxetiarrak, eta gizaki zaleak. Eta egunez ateratzen dira. Horien ziztadak bortitzak dira, mingarriak izan daitezke. Hortaz, etxe barruan edo balkoian sumatzen badituzu –zuen azalak sumatuko ditu– ura pilatu zaizun seinale, nonbait hurbil, ez baitu urrun hegan egiten. Loreontzietako platertxoetan, botata dagoen lata batean, estali gabe duzun bidoi horretan, lurrean geratu den plastiko zatian, zakurrak edaten duen ontzian, ur kopurua eskasa izan arren, emeak hortxe errungo ditu arrautzak. Eta hori egin baino lehen, gustura geratuko da zure odola zurrupatuta. Hortaz, eltxo tigrerik nahi ez baldin baduzu, ingurutik kendu ura pilatu dezakeen edozer. E-do-zer. Edo estali. Edonola ere, leihoetan sareak jartzea eraginkorra da, baita farmazietako uxagarriak erabiltzea ere. Horiek edozein eltxo espezierentzat dira eraginkorrak.

Eta horiek guztiak eginagatik etxean eltxoren bat zurera ausartzen bada, lehenik zanpatu, eta ondoren begiratu zein koloretakoa den.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide