Topagune berdeak eskutitza

Erabiltzailearen aurpegia Herrio Natur Taldea 2018ko api. 19a, 12:28

Plazak oinezkoentzat behar duelako.

Eskutitz honen bitartez, Orioko udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeak, pasa den apirilaren 12an hartutako erabaki okerra salatu nahi dugu.  Herriko plaza, asteburuetan, berriz ere, ibilgailuei irekitzea erabaki baitzuen.  Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak Udalari eskaera egin zion asteburuetan autoen zirkulazioa baimentzeko. Batzordeak, eskaera hori aztertu, eta EAJ eta Orain alderdien aldeko botoarekin, onartu egin zuen zirkulazioa baimentzea. PSOE abstenitu egin zen botazioan eta Bilduk aurkako botoa eman zuen.

Herritar talde bat 2011ean biltzen hasi ginen ingurumeneko gaiak lantzeko. Topagune berdea deitu genuen talde hura. Eta 2011 eta 2012 urteetan herriko mugikortasunari buruzko analisi sakona egin genuen. Horrela,  hobetu beharrekoen zerrenda  osatu genuen. Gainera, lehentasun maila ezberdinak jarri genizkien zerrendako aldaketa/proposamen bakoitzari. Lehentasun haietako bat izan zen astebururo larunbat goizeko 10:00etatik hasi eta igandeko 20:00ak arte plaza autoei ixtea eta oinezkoei irekitzea.

Urte mordoska batean, astebururo, oinezkoena izan da plaza. Herritarrek hura erabiltzeko aukera izan dute ordu batzuetan.

Eta apirilaren 12ko batzordean erabakitakoak izugarrizko haserrea sortu digu:

-          Topagune berdeko kideen iritziaz ez dutelako galdera egin

-          Hainbat herritarren iritzia ez dutelako kontutan izan

-          Arkupekoek aurkeztutako arrazoiak ez ditugulako egokiak ikusten

-          Herriko plaza oinezkotzeak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko balio duelako

Horrela bada, udalari zera eskatu nahi diogu, horrelako erabaki bat hartzerakoan, alde ezberdinen iritzia jasotzea. Ikuspuntu aurrerakoiagoa izatea mugikortasunari dagokionez. Herri guztietan oinezkoentzako kale eta guneak gehitzen ari diren artean, atzerapauso galanta baita hartutako erabakia. Azkenik, plazaren oinezkotzeari buruzko herri galdeketa bat egitea proposatu nahi genioke, hori izango baita herritarren iritzia jasotzeko aukerarik zuzen eta egokiena.

TOPAGUNE BERDEA

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide