Kantu zahar bati ahots berria eman dio Andrea Bidartek

Erabiltzailearen aurpegia Hara!

Andrea Bidartek Ama Eskual Herria abestia kaleratu du, Xalbadorren hitzekin eta Benito Lertxundiren musikarekin sortutako kantua. Kalifornian jaiotako euskal abeslariaren ahotsak bere familiaren eta Euskal Herriaren arteko lotura sakona ekarri du lehen lerrora.

Badira kantu batzuk denboran zehar isilik egoten direnak, noizbait ahots egokia aurkitu arte. Ama Eskual Herria da horietako bat. Xalbadorren hitzak eta Benito Lertxundiren musika uztartzen dituen kantua aspaldi sortu zuen musikari oriotarrak, baina inoiz ez zuen argitaratu. Orain, hamarkada batzuk geroago, Andrea Bidarten ahotsean ikusi du argia lehen aldiz.

Kantuaren argitalpenak badu, gainera, esanahi berezia. Andrea Bidart Kalifornian jaioa da, baina bere familiaren euskal sustraiekiko lotura ez da inoiz eten. Ama Eskual Herria abestiaren bidez, beraz, ez da soilik abesti zahar bat berreskuratzen: diasporaren eta Euskal Herriaren arteko lotura belaunaldiz belaunaldi transmititu den istorio bat ere kantatzen da.

Andrearen aitona Beñat Bidartek –Aitatxi Ben ezizenez ezaguna— Kalifornian sortutako familiarengan euskal izaera bizirik irautea nahi zuen eta bilobekin beti euskaraz aritu zen. Xalbador bera ere, Ameriketara egindako bidaia batean, Andrearen aitona-amonen etxean izan zen, haiekin euskaraz solasean. Singlearen azalean, hain justu, Lohiola, Aitatxi Benen sortetxea, ageri da, Andrearen lehengusu Sandrinek kantu honetarako propio marraztua.

'Ama Eskual Herria' abestiaren azala. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide