Jexux Mari Peronak Virgen Carmeli arrantza ontziaren maketa egin, eta Bariko San Nikolas parrokian jarri zuen ikusgai Karmengo Amaren egunaren bueltan. Istorio latza du Orioko itsasontziak, 1952ko apirilean herriko barra pasatzerakoan naufragioa izan, eta bost marinel zendu baitziren. Gaurtik aurrera, maketa Turismo Bulegoan egongo da ikusgai, irail amaierara arte, egileak udalari utzi baitio lana, herritarrek eta bisitariek bertatik bertara ikusi ahal izan dezaten nolako ontzia zen.
Naufragioa eta han zendutakoak oroitzeko egin du maketa Peronak, eta ontziari eta maketari buruzko datu zehatzak ere bildu ditu orain.
Maketa 1/30 eskalan egin du, baina benetako neurriak honakoak zituen: luzera: 16,40 metro. Zabalera: 4,19 metro. Altuera: 1,62 metro. Tonak: 24,47.
Motorrari dagokionez, G.L.M. 75hp (frantsesa) zeukan, beste ontzi batekoa zena (Ama Karmengoa SS-2-1038).
Orion 1945etik 19955era ibili zen itsasoan. 1955 tik 1962 Santurtzin (Bizkaia) erabili zuten, baina 1956an Las Arenasko (Getxo, Bizkaia) familia bati saldua izan zen, eta 1972an betirako baja erregistratu zioten.

Marinelen izenak
Datuak emateaz gain, Peronak arrantza ontziak 1952an izan zuen naufragioan hildako marinelen izen-abizenak gogorarazi nahi izan ditu: Andres eta Inazio Iraola Manterola (anaiak), Jose Oliden Lizaso, Agustin Agirre Odriozola etaTeodoro Gamuza Zuñiga. Azken hori uretara erori bai, baina, dirudienez, errioko korronteak itsas zabalera eraman zuela eta, ez zen inoiz agertu, maketagileak kontatu duenez.
Maketa egin ahal izateko hainbaten laguntza jaso du Peronak, eta haiei eskerrak eman nahi izan dizkie: Begoña Lertxundi emazteari, Aingeru Astuiri, Francisco Karrera Txanka-ri (zendua), Jose Ramon Neira Suarezi, Manuel Urangari, Eduardo Elizondori, Patxi Ostolaza Irlaolari, Jabier Arozenari, Inazio Igosi eta Beñat Ibaietari. Baita bibliografia nahiz artikulu eta argazkiengatik Ana Mª Benitori eta Iñaki Ituraini ere.