Lusarberi Aian egin dioten omenaldia, igandean ETB1en ikusteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2026ko urtarrilaren 22a

Igandeko omenaldiko une batean, Lusarbe Idoia Etxeberria harri jasotzailearekin. (Maddi Txintxurreta)

Omenaldi hunkigarria jaso zuen joan den igandean Aiako Probalekuan Joxe Inazio Saizar Lusarbe-k. Hiru orduz, 24 harri jasotzaile aritu ziren behinola berak altxatako harriak jasotzen, eta saioa telebistan ikusteko aukera izango dute herritarrek igande eguerdian.

Bizitza harriak jasotzen nahiz epaile lanetan eman duen Joxe Inazio Saizar Lusarbe oriotarrak merezitako aitortza jaso zuen joan den igandean Aiako Probalekuan. 24 harri-jasotzailek parte hartu zuten, eta historiadun harriak eraman zituzten bizkarrera: behinola Lusarbek jaso zituen berberak. Garrantzitsuena, 202 kiloko harriarekin egindako erakustaldia izan zen, pieza harekin lortu baitzuen 1989ean gaur arte inork gainditzerik izan ez duen marka: bere pisua (66 kilo zituen orduan) halako hiru zituen harria altxatzea. Erronka Anjel Iturrik bota ziola esan zuen Lusarbek berak ekitaldian. Orioko alkate izan zen Iturri. 

Hemen ikus daitezke igandeko ekitaldiko argazkiak eta kronika, eta saioa telebistaz ikusi nahi duenak, berriz, igande honetan izango du aukera, eguerdian emango baitute ETB1 telebista katean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide