Gozategi izango da Aske jaialdi berrian parte hartuko duen taldeetako bat

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025eko azaroaren 5a

Gozategiren kontzertua Herriko Plazan. (Onintza Lete Arrieta)

Abenduaren 27an ospatuko dute jaialdia Atarrabian (Nafarroa), eta guztira hamabost musikari igoko dira oholtza gainera, tartean Orioko Gozategi taldea. Sarrerak dagoeneko eskuragai dira. 

"Ez ohiko musika jaialdi" bezala definitu dute Aske bere antolatzaileek, "geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagune" gisa, hain zuzen. Abenduaren 27an ospatuko dute festa Atarrabian (Nafarroa), eta guztira hamabost musikarik girotuko dute jaialdia, hala nola, Merina Gris, Neomak, Hazas, Bisaiak, Nafarroa 1512, Streetwise, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Sustrai Berriak, Janus Lester, Juantxo Skalari, La Rude Band, eta Gozategi taldeek.

Askeko kideek azpimarratu dutenez, "askotariko generoak eta talde euskaldun gazte zein esperientziadunak" hartu dute parte hitzorduan, "Euskal Herri aske baten soinu banda" sortzeko asmoarekin. 

Jaialdirako sarrerak dagoeneko eskuragai daude, 35 euroan, askejaialdia.eus atari digitalean. Gainera, interesdunek auzolanean parte hartzeko aukera ere izango dute, jaialdiaren webgunean aurki daitekeen galdetegia betez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide