Hegaluzea poteratzen ikasteko erakustaldiaren bideoa ikusgai da

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025ko aza. 2a, 10:00

Hilabete hasieran ospatu zuten Parrilla Festa ekimena Orion, eta egitarau zabalaren barruan, hegaluzea poteratzeko saioa eskaini zuten Herriko Plazan. Orioko Udalak grabatu egin zuen zuzenekoa, eta dagoeneko ikusgai da herritar guztientzat.

Parrilla Festaren lehen edizioa ospatu zuten hilabete hasieran, eta egitarauaren barruan, hegaluzea nola poteratzen den ikasteko saioa eskaini zuten igande goizean, Herriko Plazan. Bertan izan ziren Nieves Arruti eta Jose Mari Gozategi prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, Aiora Larrañagaren laguntzaz. 

"Hegaluzea enbotatzeko ohitura oso zabalduta dago Orion, eta asko dira urtero-urtero arraina prestatzeko biltzen diren familiak edo lagun taldeak", azaldu dute udaletik. Ohitura horri jarraipena emateko eta prozesua ondo egiteko gakoak ezagutzeko antolatu zen aurkezpena, hain zuzen, eta udalak zuzenekoa grabatu zuen, "saio praktiko gisa balio handia duelako"

"Oso balorazio onak"

Halaber, udalak duela bi aste partekatu zuen galdetegi bat Parrilla Festan izan ziren herritarren iritziak jasotzeko asmoz. Izan ere, festaren lehen edizioa izanik, udalarentzat "garrantzitsua" da parte-hartzaileen inpresioak ezagutzea, datorren urtera begira hobekuntzak egiteko.

Hori horrela, "oso balorazio onak" jaso dituztela kontatu dute formatuari eta antolakuntzari dagokionez, eta halaber, eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu zuten eragile eta herritar guztiei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide