Julio Villar abentura zale donostiarrak handia egin zuen 1968. urtean: zazpi metro luze zituen Mistral belaontzia hartu Bartzelonan, eta motorrik, GPSrik eta bestelako teknologien laguntzarik gabe, bakar-bakarrik, lau urte iraungo zituen bidaiari ekin. Munduari buelta eman zion, eta guztira, 38.000 itsas milia egin zituen. Lehorrera itzuli zenean, bidaia hura Eh, Petrel! izeneko liburuan jaso zuen. Sekulako arrakasta izan du lanak, eta orain, balentria hartatik eta liburua argitaratu zenetik mende erdia baino gehiago igaro denean, Donostiako Udalaren omenaldia jaso du Viktoria Eugenia antzokiko aretoetako batean. Ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan zen.
Villarrek sustrai oriotarrak ditu: amaren aldeko aiton-amonak Dike zar baserrikoak zituen, eta lehengusuak bizi ditu oraindik herrian: Kaxilda eta Joxe Garate.
Astearteko omenaldian ere oriotarrez inguratuta egon zen: Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak egin zituen aurkezpen lanak, baita errezitaldi musikatua gidatu ere; berak itzuli zuen euskarara Villarren liburua, eta lehendik ere hainbat errezitaldi eginak dira elkarrekin Villar eta Gaztañazpi. Zuzeneko musikaz, berriz, Hereje Fighters musika talde oriotarra arduratu zen.
Errezitaldiaren hasieran, berriz, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik oroigarria jaso zuen Villarrek, eta errezitaldian zehar herritarren askotariko galderei erantzuten aritu zen, sarritan entzuleei irrifarrea eraginez.