Euskararen gaur egungo egoera kezkatzekoa dela eta erreakzio handi bat behar dela azaldu dio ETB1eko Biba Zuek! saioko aurkezleei Jon Sarasuak. Euskaltzaindiaren euskara biziberritzeko taldeko kidea da, eta hemendik hogei-hogeita hamar urtera non egon nahi dugun eta non egon gaitezkeen hausnartzen aritu dira taldean azken hiruzpalau urtean: "Non egon nahi dugun bakarrik pentsatzea erraza da; non egongo garen pentsatzea ere, askotan, zoritxarrez, erraza da; baina non egon gaitezkeen, nahi dugunarekin eta errealitatearekin nahastuta, uste dut hori dela komunitate batek egin behar duen lana: bisio lana".
"Aukera baten aurrean" gaudela ere esan du: "Alderdietako buru garrantzitsuak ikusi ditugu ados daudela honekin: gauzak orain arte bezala egiten segitzearekin ez dugu aurrera egingo: ez telebista mailan, ez prentsa mailan, ez euskaltegien mailan, ez euskararen lan mundu mailan, ez hezkuntzan, ezta estrategia orokorren lehentasun ariketan ere. Bestelako ardatz sistema bat proposatu beharko litzateke".
Baina maila txikiagora jota ere, gauzak beste era batera egin behar direla uste du, eta hor erresistentziak daudela: "Eta, txikian ere, desberdin egin behar ditugu euskal komunikazioari dagokionez. Gauzak desberdin egin beharrak erresistentziak sortzen ditu, ordea, eta ez politikariengan bereziki; euskalgintzan bertan ere badira, sektoreak daudelako, enpresak daudelako eta hamarkada askotan gauzak modu batera egin direlako eta argazkia mugitzeak jendea urduri jartzen duelako. Uste dut momentua dela eskuzabalak izateko, bai alderdien aldetik, baina baita euskalgintza antolatuaren aldetik eta hedabideen aldetik ere. Gure sektarismoa apur bat apaldu, eta barneratu beharra dugu, norberari begira, gauzak orain arte bezala eginda ez dugula aurrera egingo".