Neska kuadrilla bat agertu da gaur eguerdian Orioko Herriko Plazara, denak elastiko horiak soinean. Oriotarrak? Ez. Arraunlariak? Bai. Galiziako Amegrove arraun elkartekoak ziren, denak irrifarretsu, umore oneko. Berehala eman dizkiote azalpenak galdezka joan zaizkienei: Kontxan lehiatzekoak zirela, baina ezusteko batzuk gorabehera ezin izango dutela, eta pena baduten arren, bidaia antolatuta zutenez, Euskal Herrira etortzea erabaki dutela, eta Kontxaz zaleen eremutik gozatzea.
Orio ala zer talde animatuko duten galdetuta, zalantzarik egin gabe esan dute Orioren alde egingo dutela, Orioko traineruan dabilelako Andrea Oubiña herrikidea. "Gure herrikidea da, eta gure klubeko harrobikoa, gainera", nabarmendu dute, harro.
Talde argazkirako irribarre zabala eskaini, eta elizako aldapan gora jarraitu dute, herria ezagutzeko asmotan.