Zorione Mendez artistaren eskutik, dozena erdi haurrek egin dute ekain amaieran Artea eta natura izeneko tailerra Salatxo aretoan. Azken egunean, joan den ostiralean, erakusketa inprobisatua osatu zuten bost egunetan egindako sorkuntza lanekin, eta horiek ikusgai jarri zituzten lagun eta senitartekoentzat.
Jende dezente bertaratu zen eguerdi partean, eta tailerrean parte hartu duten ikasleek beraiek eman zituzten erakusketari buruzko azalpenak.
Natura inspirazio iturri hartuta egin dituzte hainbat motatako eskulanak, birziklatzeari ere garrantzia handia emanez. Eta Mendezek iragarri du irail hasieran antzerako beste tailer bat eskainiko duela, oraingoan Artea eta gizakia izenburupean. Irailaren 1etik 5era izango da hori, 09:00etatik 12:30era, eta 120 euro kostako da. Toki mugatua izango da, "talde txikietan komunikazioa eta atentzioa gertukoagoa delako".
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko 652 70 22 37 zenbakira idatzi edo deitu daiteke, baita ganbara.sormentailerra@gmail.com helbidera ere.
Tailer hori amaitutakoan erakusketa irekia zabalduko dutela jakinarazi du Mendezek.
(Argazkiak: Zorione Mendez eta Onintza Lete Arrieta)