Euskadiko Liburutegi Digitalak Instagram kontuan argitaratu du goiko irudia. 1968 urte ingurukoa da, Donostiako Udal Liburutegiena, eta bertan, lauko bi ontzi ageri dira lehian, Orioko zubi azpitik igarotzen, eta goian, jendetza haiei begira. Jendea ageri da Toki-Alai ostatuko balkoian ere. Gaur egun ez da existitzen ostatua; etxeak egin zituzten.
Bada, duela ia sei hamarkada bezala, gaur arratsaldean ere antzeko ikuskizuna egongo da zubi inguruan, 18:00etan hasiko direlako Nazioarteko XX. Estropadak. Orduan bezala, aurten ere zubi azpitik pasatuko dira zortziko ontziak, Orio Arraunketa Elkarteak ibilbidea luzatzea erabaki baitu, ontziak zubi azpitik igaro eta helmuga Herriko Plaza parean eduki dezaten, Salatxo taberna parean beharrean.