Benito Lertxundi izango dute hizpide aurten, uztailaren 4an eta 5ean Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxean egingo duten Kanterri ikastaroan. Badok.eus atariak jakinarazi duenez, kantari oriotarraren hamaika ertz aztertuko dituzte bertan. Lertxundiren adiskideak, zaleak, musikariak, adituak eta kazetariak ariko dira horretan; hala nola Iker Gurrutxaga oriotarra, Ane Ablanedo, Juantxo Zeberio, Itziar Navarro eta Imanol Artola.
Hain zuzen, Gurrutxagak emango du azken hitzaldia. Naiz irratiko musika arduradun eta MusikHaria saioko gidariak Lertxundiren herrikideei erreparatuko die, haren ekarpenak Orioko musikariengan izan duen eragina aztertuko baitu Benito Lertxundi, Talai-Menditik Mendibeltzera izeneko hitzaldian. Halaber, hainbat istorio kontatuko ditu, Lertxundiren alderdi pertsonalagoa ezagutzera ematearren: "Oriotarrontzat oso ohikoak izan daitezkeen kontuak izango dira, baina Euskal Herrian ziurrenik ez direnak oso ezagunak", esan du.
Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 8ra arte.