Otsailean hasi genuen hona ekarri gaituen bidea, Arraunetxen Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egin genuenean, Udalak eta Karkara aldizkariak batera deituta. Lepo betetako aretoan egin genuen aurkezpena eta, beraz, hasieratik ikusi genuen ez genuela bidea bakarrik egingo eta ez zitzaigula lagunik faltako ‘esperimentu’ berritzaile honetan.
Oriotarrok harrera ezin hobea egin diogu Euskaraldiak planteatzen duen ariketa sozialari eta orain, ostiral honetan hasita, ekiteko garaia da. Euskaraldiko 11 egunetan konturatuko zara uste duzun baino jende gehiagorekin egin dezakezula euskaraz eta zure inguruko askok benetan nahi dutela zuk haiei euskaraz egitea. Bide berri bat abiatuko duzu eta jabetuko zara jende asko duzula inguruan, lagun asko, bide hori zurekin batera egin nahi duena.
Ekin, ba, bideari eta gozatu ibilian!
Euskaraldiaren Orioko lantaldea