Martxan da Gelatik Plazara bertso txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Errikotxia 2026ko martxoaren 7a

Bertsolari gaztetxoak, Gelatik Plazara bertso txapelketan. (Errikotxia)

Pasa den ostegunean jokatu zuten Zarauzko Gaztelekuan, Gelatik Plazara Bertso Txapelkeko LH mailari dagokion lehen kanporaketa.

Martxoaren 5ean hitzordua zuten Zarauzko gaztelekuan Urola Kostako bertsolari gaztetxoek, 2026ko Gelatik Plazara Bertso Txapelketari zegokion lehen kanporaketan lehiatzeko. Ekitaldia atzerapenez hasi arren, saioa arin joan zen eta bertsolari gazteek bixi-bixi kantatu zituzten euren bertsoak.

Txapelketako sail ofizialean Zarauzko bi talde, Aizarnazabalgo beste bi eta Zumaiako talde bat izan genituen. Hauez gain, Orioko bertsolari talde bat ere gerturatu zen bertara, haientzat lehen aldiz oholtza gainean kantatzera.

Irabazlearentzako saria 2026ko Gelatik Plazara Txapelketako finalerako txartela zen eta lehia estu baten ostean, Itoitz Larrañaga, Malen Gorrotxategi, Gari Arrona eta Ur iruretagoienak osatutako Zarauzko taldea izan zen garaile.

Saioa amaitzeko, Orioko bertsolariek publiko guztiak gozatzeko moduko bertso-jolas polit bat egin zuten eta horrelaxe, txalo artean, amaitu zen saioa. Ekitaldian parte hartu zuten Oriotarrak Amets Esnaola, Unax Solabarrieta, Iker Solabarrieta, Mateo makazaga, Oihan iribar, Unax Zumeta eta Unai Gaztañazpi izan ziren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide