Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik III. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa abiatzera doa eta dagoeneko arrakasta handi bat lortu du: Gipuzkoa osoko 350 lagun inguruk, 57 taldetan banaturik, parte hartzeko izena ematea. Gipuzkoako eskualde guztiak, Donostia, Oarso-Bidasoa, Urola, Urola kosta, Debabarrena, Debagoiena, Goierri, Tolosaldea eta Buruntzaldea ordezkatuak izango dira bertan. Talde bakoitzak gutxienez hiru bertsolari izango ditu, beraz, 200 bertsolari inguru ariko dira kantuan txapelketan.
100 saio inguru egingo dira Gipuzkoa osoan zehar eta lehen fasea eskualdeka burutuko da. Bertan eskualde bakoitzeko taldeak elkarrekin lehiatu beharko dute bigarren fasera pasatuko den ordezkaria hautatzeko. Bigarren fasean, elkarren ondoko eskualdeen artean izango dira saioak. Ondoren finalerdiak eta finala etorriko dira. Finala maiatzaren 20an egingo da Aian.