Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen duen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa ostegunean ospatu zen Usurbilgo Oiardo Kiroldegian. Gipuzkoa mailan egiten den ekitaldi hau urtero ospatzen da eta eskualdez eskualde egiten diren saioetan ehunka ikaslek parte hartzen dute.
Urola Kostako ikasleek Usurbilen zuten hitzordua eta hamabost izan ziren Orio eta Aiatik bertaratu ziren gaztetxoak. Ikasle bakoitzak, bertan emandako gaia abiapuntutzat harturik, bina bertso prestatu behar izan zituen. Ekitaldiaren amaieran epaileek maila bakoitzeko irabazleak izendatu zituzten eta haien artean Orioko Herri Ikastolako Malen Gurrutxaga suertatu zen garaile.
Ekitaldian parte hartu zuten bertsolari denek gozatu zuten esperientziaz eta datorren urtean berriz parte hartzeko asmoz itzuli ziren trenez herrira.
Hona hemen Malen Gurrutxagaren saritutako lana:
Gaia: Jende aurrean agertzea gustatzen zait.
Txikitatik izan naiz
oso lotsatia,
jasan ezina baitzen
platoko argia,
jendea ne(r)i begira
ze beldurgarria,
baina hamar urtekin
in nun antzerkia,
eta hori izan zen
lorpen oso handia.
Platotikan platora
nik jarraitu nuen,
eszenatoki guztik
txaloekin lertzen,
nire bertso saioak
joan ziren betetzen,
ederki pasatzen dut
algarak entzuten,
bertsolaria izan
nahi dut egun baten.