Zumaian ospatu da Gelatik Plazara ekimenaren barruan kokaturiko Urola-Kosta Eskualdeko saioa. “Gelatik Plazara” Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean martxan jarri duen ekimena da. Bere asmoa 14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean bertsotan aritzeko aukera ematea da, Eskolarteko txapelketetan hasi aurreko pausu gisa.
Zumaian egindako saioan Aia, Orio, Zarautz eta Zumaiako bertsolari gazteek parte hartu zuten eta bertan bildutakoek gure gaztetxoen bertsoetaz eta sortutako giro ederraz gozatzeko aukera izan zuten. Hala ere, gehien gozatu zutenak bertsolariak berak izan zirela esan behar da. Nahiz eta askorentzat beraien lehen jendaurreko saioa izan, guztiak primeran aritu ziren eta agerian utzi zuten barruan daramaten bertso-grina.
Errikotxia Bertsozale Elkarteak LH eta BDH-ko ikasleei zuzendutako bertso-eskolak indarra hartu du azken urteotan eta bertsolari gazte hauek lan horren fruitua dira.