Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Lasarten saio txukuna egin ondoren, bueltako saioa dute oraingoan aiarrek. Datorren ostiral honetan, Urretxu izango dute bisitari: Gorka Azkarate, Maialen Akizu, Mikel Iturriotz eta Uxue Fernandez dira taldeko bertsolariak. Aiarren aldetik, berriz, Jokin Iruretagoiena “Zieltzeta”, Aritz Hernandez “Larrume” eta Iñaki Gurrutxaga izango dira kantuan, Aitor Arregi “Ximel” gai-emailearen esanetara. Epaile lanetan, aldiz, Aritz Arruti izango da aiarren aldetik. Taldea osatuz, Eneko Balerdi eta Ekaitz Arruti “Etzeta”.
Joaneko saioan 9 puntu bildu zituzten aiarrek. Hurrengo faserako txartela garesti duten arren, etxeko saioaren epelean jo eta ke saiatuko dira pauso bat aurrera emateko bidean. Gogoratu, afaritarako sarrerak erosteko epea itxi zen arren, afalondoren saioa bera entzutera hurbildu nahi duenarentzat ateak irekita izango direla, 22:30ak ingurutik aurrera, Andatzako Uhartemuño elkartean.