Orioko eta Aramaioko bertso eskoletako bertsolariak, Bertsotruk egitasmoaren barruan, saioa eskainiko dute datorren ostiralean Galtzarrin, arratsaldeko 20.00etatik aurrera.
Orotara, sei bertsolari arituko dira bertsotan; Orioko Errikotxia bertso eskolatik Egoitz Eizagirre, Rosi Lazkano eta Imanol Lizarazu “Habana” eta, Aramaioko bertso eskolatik Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa. Xabier Sukia izango da gai-jartzaile eta saioaren gidari.
Emanaldia doakoa izango da eta Errikotxia elkartetik bertso zaleei ostiralean Galtzarrira bertaratzeko deia luzatzen zaie, iluntze bizi eta alaia igaro dezaten.
Bertsotruk
Bertso eskolen arteko desafioak biltzen ditu Bertsotruk egitasmoak. Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatu eta bertsolariei jendaurrean bertsotan aritzeko aukera emanaz antolatu zuen Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak Bertsotruk egitasmoa, 2015ean lehen aldiz. Ikasturte hartan 26 bertso eskolek eman zuten izena. Bertsolari hasiberrientzat trebatzeko aukera aproposa bilakatzen da.
Bertso eskola parte hartzaileak hiruko multzotan bereizi eta bertso eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartzen ditu etxean; era berean, beste bi bertso eskolek antolatutako ekitaldira joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia...
Aurtengo edizioan 27 bertso eskolek parte hartzen dute 9 multzotan banatuta. Azarotik maiatzera bitarte bertso eskolak elkarren antean saioak antolatuko dituzte joan-etorri formatuan. Orioko Errikotxia, Aramaioko eta Goierriko bertso eskolen multzo berean dago.