"Berdinduz" proiektua jarri dugu martxan

Erabiltzailearen aurpegia Berdin-Berdinak 2016ko urr. 17a, 07:46

Berdinduz proiektua jarri du martxan Berdin-Berdinak elkarteak, Udalaren laguntzarekin.

Berdin-Berdinak kirol elkartea 2012an sortu zen eta, geroztik, lan handia egin du Orion, aniztasun funtzionala duten pertsonen premiei erantzuteko, kirola normaltasunez egin dezaten. 

Pilota, igeriketa eta psikomotrizitate inklusiboan gure elkarteak izandako erantzuna eta herrian dagoen beharra ikusita, beharrezko ikusi dugu eskaintza zabaltzea, eta horregatik sortu dugu Berdinduz proiektua, Orioko Udalaren laguntzarekin.

Zer da Berdinduz proiektua?

Berdinduz proiektuaren bidez, laguntza-sare egonkor bat sortu nahi dugu Orion. Sare horrek bi zutabe nagusi izango ditu: herriko kirol eta aisialdi taldeak, batetik, eta boluntarioak, bestetik. Guztion artean laguntza-sare bat eratuko dugu, aukera emango diena aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoei berdintasunean parte hartzeko kirol eta aisialdi jardueratan. Proiektu barneratzailea izango da: desgaitasun-egoeran daudenentzat sortu den arren, irekia izango da guztientzat.

Inklusioa helburu

Herriko aisialdi eta kirol elkarteetan parte hartzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu desgaitasun-egoeran dauden edota gizarte integrazioko arazoak dituzten haur eta gaztetxoei, haien eskaintzak boluntarioekin lagunduz. Boluntario horiek Berdin-Berdinak elkartearen eta Kirol Egokituko Federazioaren prestakuntza jasoko dute, beren lana ahalik eta egokien egiteko.

Proiektu berritzailea

Berdinduz proiektua berritzailea da, eta Orion gauzatuko da lehenbiziko aldiz. Dagoeneko abiatu dugu, baina oraindik lehen pausoak ematen ari gara.

Uste dugu Oriok baldintza egokiak dituela horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko: boluntariotzarako joera indartsua, gazte-jende prestua, berdintasunarekin inplikatutako elkarteak…

Parte hartu nahi?

Berdinduz proiektuak bi zutabe nagusi ditu:

  • Batetik, aisialdiko edo kiroleko jardueretan parte hartuko duten haur eta gaztetxoak, desgaitasun-egoeran daudenak edota integrazioko arazoak dituztenak.
  • Bestetik, laguntza eskainiko duten boluntarioak.

Proiektua koordinatzen Ibai Zubizarreta gazte oriotarra dabil, Berdin-Berdinak elkartearen izenean. Proiektuan parte hartu nahi baduzu edo informazio gehiago jaso nahi baduzu, jarri berarekin harremanetan:

Informazio gehiago gure blogean: https://berdinberdinakblog.wordpress.com

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide