Apostasia

Klubetik ateratzeko bidean

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 4a

Jaioberritan, pontetik hartu eta buru gainean ipinitako ur apurrak Eliza katolikoko betirako kide bihurtzen du oraindik kontzientziarik ez duen haur txikia, klub baterako hilarteko bazkidetza lortu izan balu bezala. Fededunak ez diren askok ez dute arazorik Elizaren barruan jarraitzeko; beste batzuek, baina, kateak hausteko hautua egiten dute, apostasia izeneko prozeduraren bidez. Juan Luis Romatet Gukako kazetariak apirileko Guka taldeko aldizkarietarako egindako erreportajea da honakoa. 

Susmoa du Haize Galarragak (Zumaia, 1979) bera izan zela Zumaian apostasia egiten lehena, edo lehenengoetakoa. "Bataio liburuari atxikitako ohar liburu batean kristau fedeari uko egingo niola jarri behar nuen, eta apaizak esan zidan nik estreinatu nuela liburu hura", esan du.

Bere belaunaldiko askok bezala, bataioa eta lehen jaunartzea eginak zituen Galarragak. "Garai hartan oso gutxi ziren bataiatzen ez zituzten umeak, eta komunioa ere inertziagatik egingo nuela uste dut, aiton-amonek hala eskatuta", adierazi du. Sendotza edo konfirmazioa egiteari, ordea, uko egin zion. "Kontzientzia hartzen joan nintzen, eta ez egitea erabaki nuen; inguruko oso jende gutxik egin zuen konfirmazioa".

Ateo konbentzitua, Elizarekin zuen harremana hausteko pausoak eman zituen unibertsitatean ikasketak egiten ari zen garaian. "Orduan oraindik ez ziren pederastia kasuen inguruko albisteak atera, baina gogoan dut Elizak Hego Amerikan izandako jarrerarekin eta indigenei emandako tratuarekin haserre nengoela". Bataiatua izateagatik "Elizaren zerrendaren batean" agertzeko beldur zen. "Ez nuen gogorik horretarako. Azken finean, pixka bat koherentea izan nahi nuen nire sinesmenekin, edo, hobeto esanda, nire sinesmen ezarekin".

Haize Galarraga. (Guka)

Elizan baja emateko formulario antzerako bat lortu zuela du gogoratu du Galarragak. "Izen-abizenekin bete nuen, eta Iruñeko Artzapezpikutzara bidali nuen, Donostia haren barruan sartzen zelako". Leihatilatik leihatilara ibili zela azaldu du zumaiarrak. "Iruñetik erantzun zidaten Donostiara joateko, eta Donostian, berriz, kontua Zumaiako parrokoarekin konpondu beharko nuela esan zidaten". Esan eta egin. 2001eko abenduaren 10ean bildu zen orduko Zumaiako erretore Txomin Zabaletarekin. "Esango nuke hunkituta eta dena zegoela, harentzat zerbait berria zelako". Pauso guztiak eman eta gero, Zabaletak sinatutako gutun bat jaso zuen Galarragak: "Kristau komunitateko kide ez izateko eman nituen arrazoiak jartzen zituen han, baita jainkoaren deia onartzen baldin banuen, Eliza itzultzeko zabalik izango nuela ere". Prozesuan Zumaiako parrokoak "lagundu besterik" ez ziola egin onartu du Galarragak. "Gizon harentzako hitz onak besterik ez dauzkat, egia esan. Elkarri eskua eman eta agurtu egin ginen".

Dena den, Galarraga oso kritikoa da Elizarekin. Haren ustez, Elizak berak eman beharko lituzke sinesten ez duen jendea erakundetik urruntzeko pausoak. "Zure doktrina guztia frogatu ezin den sinesmen batean oinarrituta baldin badago, nork nahi du eduki sinesten ez duen jendea bere taldean? Ez du zentzurik".

Gizartearentzat kaltegarria

2008an apostatatu zuen Josu Waliñok (Zumaia, 1971). Hark bereizi egiten ditu erlijioa eta Eliza. "Ez naiz fededuna, ez dut sinesten ez Jaungoikoan ez ezertan, eta ez daukat sinesmen horiekiko inongo interesik. Horrek ez dit inongo kezkarik sortzen, justu kontrakoa baizik: inbidia ematen dit". Haren esanetan, "zortea" da fededuna izatea, arazo baten aurrean, beldurrei aurre egiteko modu "oso erosoa" delako. "Erlijioaren eta fedearen aurka ez daukat ezer", zehaztu du Waliñok, baina Elizaren aurka dagoela esan du. "Uste dut Eliza kaltegarria dela, minbizi bat dela gizartearentzat eta horren kalterako planteatuta dagoela". Ez zuen horren konplize izan nahi: "Erlijioari ez diot ukorik egin, ez dudalako inoiz barneratua izan, baina Elizaren parte izan naiz, eta horri uko egiteko pausoak eman nituen, ez nuelako konplize izan nahi".

Erreportaje honetarako elkarrizketatutako beste bi apostatak bezala, bataiatuta dago Waliño, eta lehen jaunartzea egin zuen; ez, ordea, konfirmazioa. "Apostasia egitea pentsatuta nuen, baina hori egitea oso zaila zela esaten zuten beti. Nik urratsa eman nuen, aukera sortu zitzaidalako". Garai hartan, "kasualitatez", Donostiako Gotzaindegiarentzat ari zen lanean zumaiarra, eta han egunero hitz egiten zuen Juan Mari Uriarte gotzainaren idazkariarekin. "Behin esan nion Eliza katolikoak ez zuela nire bizitzaren parte izan behar, beti pentsatzen nuela handik atera egin behar nuela. Hark esan zidan prozesua ez zela zaila, baina ez dutela iragartzen. Prozesuan lagunduko zidala esan zidan".

Josu Waliño. (Guka)

Prozedura jarraituta, sasoi hartan Zumaiako parrokoa zen Javier Zubizarretarekin lotu zuen hitzordua. "Bataio agiria apostasia egiteko behar nuela esan nionean, aurpegia aldatu zitzaion; ez zidan kontra egin, baina marmar batzuk bai". Waliñok ez zuen elkarrizketarik egin gotzaindegian, lanorduetan ezin baitzuen hara joan. "Ziurtagiri bat idatziz bidaltzeko eskatu zidaten, hala egin nuen, eta gaur arte", esan du.

Umoretsu azaldu du hark kexa handiena ikastolan erlijioko irakasle izan zuen Joxe Etxeberria apaizak egin ziola. "Cientifico! Enteratu naiz zer egin duzun! Egunen batean harrapatuko zaitut!'", oihukatu zidan. "Azkenean, hurbilen nuen apaizarekin izan nituen beste inorekin baino arazo gehiago", gogoratu du barre artean.

Heriotza, inflexio puntua

Galarragak eta Waliñok bai, baina Aitor Aizpuruak (Zumaia, 1989) ez du bere burua ateotzat jotzen. "Ez dakit agnostikoa naizen edo ez; izan ere, ez dut inoiz planteatu zerbait ba al dagoen. Dena den, ez naiz erabateko ateo bezala identifikatzen", zehaztu du. Bataiatutako haurra, komunioa ere egin zuen, bataio berritua ere bai, baina ez konfirmazioa. Gaztetan "oso arrazionala" izanda ere, eskolan hautuzko ikasgai gisa erlijioa aukeratzen zuela esan du. "Lehen Hezkuntzan kultura erlijiosoa ematen zuten; kristautasunaz gain, beste erlijioen berri ere ematen zuten, eta hori interesgarria egiten zitzaidan". Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Aizpuruaren esanetan, kristautasuna zuten oinarri. "Biblia gora, parabolak behera... Horrek atzerakada eragin zidan". Ordurako, Eliza katolikoarekiko iritzi ezkorra zuela du gogoan. "Kristautasunak oinarrian balio onak ditu, baina iruditzen zait Elizak saltzen duen propaganda eta errealitatea antitetikoak direla".

Zumaiako Gaztegunean egiten zuen lan Aizpuruak, eta han ezagututako gazte batek espiritualtasunari ateak zabaldu zizkion. "Gazte hark bazuen sentsibilitatea, eta behin gurekin hustu zituen barrenak. Hura entzunda, nire buruari esan nion ez nintzela inor beste norbait epaitzeko, eta, espiritualtasun aldetik, pentsaera zabaldu egin zitzaidan". Hori hala izanda ere, Aizpuruak dio ez duela "hor goitik" bizitzak gidatzen dituen "jainko orojakitun" batean sinesten.

Aitona hil ondoren erabaki zuen Aizpuruak erlijio katolikoari uko egitea. "Gure aitonak fedea bazuen, baina Elizaren aurka zegoen, oso-oso kontra". Hasiera batean, hileta egiteko asmoa zuen familiak, baina elizkizuna ez ospatzearen alde borrokatu zuen bilobak. "Etxean esan nuen aitonak ez zuela Elizan sinesten, haren kontra zegoela, eta mesedez, haren azkeneko nahiak errespetatzeko". Borrokak fruituak eman zituen eta ez zuten hiletarik egin. "Orduan ikusi nuen une egokia zela apostasia egiteko; inflexio puntua izan zen niretzako, eta 2019an apostatatu nuen, 30 urterekin".

Aitor Aizpurua. (Guka)

Aizpuruaren esanetan, prozesua erraza izan zen. "Zumaiako apaiza zen Juan Pablo Aroztegirekin bildu nintzen bataio agiria eskatzeko. Agiria eman eta esan zidan bera ez zela inor ni epaitzeko, nire arrazoiak izango nituela". Gotzaindegiko elkarrizketan gauza bera gertatu zitzaion. "Esan zidaten pena ematen ziela ni joateak, baina erabakia nirea zela. Gerrarako prestatu nintzen, eztabaidarako prest nengoen, baina korridore guztiak zabalik aurkitu ninduen. Pozik geratu nintzen, baina ez nuen ospatu. Egia da, borroka egin behar izan banu, ospatuko nukeela, baina udaletxera paper baten bila joatearen parekoa izan zen prozesua".

Egun, Elizaren bueltan aldaketa handirik ez duela sumatzen esan du Aizpuruak. "Elizaren barruan nengoenean ere ez nintzen harekin identifikatuta sentitzen. Oso urrun nuen zerbait zen orduan ere; apaizak ez ziren niretzat inolaz ere erreferenteak eta ordurako arbuiatu egiten nuen Eliza. Gaur egun, ez dut ulertzen bide berean nola jarraitzen duen".  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide