Oraindik eman daiteke izena 'Kudeaketa ekonomikoa zure esku' ikastaroan

Mireia Galarza Bastida 2026ko apirilaren 16a

UKUE egoitza. (Intza Trula)

Apirilaren 28an, 30ean, eta maiatzaren 5, 7 eta 12an izango dira prestakuntzako saioak, 14:00etatik 16:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Saioen helburua da "tokiko merkatariei kudeaketa ekonomikoa ulertzeko tresnak eskaintzea".

Urola Kostako Udal Elkarteak merkataritza sektoreari zuzendutako Kudeaketa ekonomikoa zure esku prestakuntza saioa antolatu du apirila amaiera eta maiatza hasierarako, eta horietan izena emateko azken egunak direla azaldu du UKUEk. Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin batera antolatutako saioen helburua da "tokiko merkatariei kudeaketa ekonomikoa ulertzeko tresnak eskaintzea", beren negozioaren egoera "hobeto" ezagutu, ekintza-plan "eraginkorrak" diseinatu eta etorkizunerako erabaki "estrategikoak" hartzeko.

Ikastaroak 10 orduko iraupena izango du eta, zehazki, apirilaren 28an eta 30ean, eta maiatzaren 5ean, 7an eta 12an egingo dituzte saioak, 14:00etatik 16:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Saioak aurrez aurrekoak izango dira eta %100 lagunduko dituzte diruz.

Prestakuntza Veronica Hijarrubia enpresa-estrategia eta plangintzako trebatzaileak emango du, eta bertan hainbat gai landuko dituzte: kontabilitateko oinarrizko kontzeptuak (inbertsioa eta amortizazioa, finantzaketa eta maileguak, gastuak eta diru-sarrerak, gastu finkoak eta aldakorrak...); kontabilitateko tresnak (ustiapen-balantzea, egoera-balantzea eta diruzaintzaren kudeaketa); ekonomia eta finantza kudeaketaren oinarrizko funtzioak, kalkulu-orrien bidezko praktika aplikatuekin, eta merkataritza-enpresen beharretara egokitutako kudeaketa-koadroak diseinatu eta erabiltzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide