UKUEren Tokiko Garapen eta Enplegu Plana abian, "etorkizun oparoa eraikitzeko"

Intza Trula 2026ko otsailaren 11

Arozena eta Urdangarin, atzoko aurkezpenean. (Intza Trula)

Urola Kosta osatzen duten udalerrien arteko lankidetzan oinarritzen den enplegu plana aurkeztu dute. Herritarrek "modu aktiboan" parte har dezaten nahi dute.

Urola Kosta eskualdeko Tokiko Garapen eta Enplegu Plana aurkeztu berri du Urola Kostako Udal Elkarteak. Atzo eguerdian azaldu zituzten proiektuaren nondik norakoak, UKUEren egoitzan egindako ekitaldian. Planaren berri eman zuten Ion Arozena UKUEko lehendakariak eta Ainhoa Urdangarin Irudika lanbide heziketa zentroko ordezkariak. Biek ala biek argi zuten proiektuaren helburua: eskualde hobea lortzeko lanketa bat da, etorkizun oparoa eraikitzeko, alegia.

Urola Kosta eskualdea osatzen duten bost udalerrien –Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia– arteko lankidetzan oinarritutako proiektua izango da, eta eragile ekonomikoen, sozialen eta herritarren parte hartzea bultzatuko du. Hori horrela izanik, Arozenak gaineratu zuen asmoa dela "gaitasunak batzea eta ahaleginak norabide berean lerrokatzea, eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala indartzeko".

Lehendakariak sakondu zuen moduan, "eskualdearen erronka nagusiei modu partekatuan erantzutea xede duen plana da, eta datozen urteetarako eskualdean izango diren lehentasunak eta ekintza zehatzak adosteko bide orri modura balioko du". Ildo beretik, azpimarratu zuen ez dela "txosten tekniko huts bat" izango, "eskualde prozesu bat baizik". Arozenaren hitzetan, "etorkizuna denon artean eraikitzeko tresna" izango da. Bide horretan, planak erronkak identifikatzen, lehentasunak adosten, eta enpleguan, jarduera ekonomikoan eta bizi kalitatean eragina duten proiektuak "aktibatzen" lagunduko du.

Herritarren ahotsa

Era berean, Arozenak argitu zuen etorkizunaren inguruko diagnostiko bat egitea izango dela lehen pausoa, ondoren eskualdeko estrategia "argia" eta ekintza "zehatz, bideragarri eta neurgarriak" adosteko. Horretarako, ordea, herritarrek parte hartzea beharko dute, eta beraien iritziak jasotzeko galdetegia zabaldu dute. Beste bi galdetegi ere prestatu dituzte: bata elkarte, udal eta bestelako eragileei zuzenduta dago, eta, bestea, eragile sozioekonomikoei. Aipatutako hiru galdetegiak UKUEren webgunean bertan aurki daitezke. 

Profil ezberdinen ekarpenak bildu nahi dituzte, guztien lehentasunak zeintzuk diren ezagutzeko. Horregatik, Arozenak elkarte zein norbanako guztiak animatu ditu galdetegietan iritzia ematera: "Urola Kostak potentziala eta nortasuna baditu. Plan honekin, energia hori norabide komun batera bideratu nahi dugu, etorkizun jasangarriago, lehiakorrago eta partekatuago baterantz, herri bakoitzak duen izaera eta identitatea kontuan hartuz". Horrez gain, plana osatzerakoan parte hartzeko beste hainbat modu ere aurreikusi ditu UKUEk: lansaio partekatuak, online kanalak, eragile giltzarriekin elkarrizketak eta mahai sektorialak.

Etorkizuneko langileak

Urdangarinek, bere aldetik, beren zentroak planean parte hartzeak duen garrantziaz hitz egin zuen. Ordezkariaren iritziz, "etorkizuneko talentua aurreikusten eta prestatzen lagundu dezake" planak. 

Ikastetxeei dagokienez, eskualdeko lan merkatuaren beharrei erantzuten dien prestakuntza eskaini behar dutela iritzi zion ordezkariak: "Laneratzea errazteko zubi lana egin behar dugu praktiken edota ikaskuntza dualaren bitartez; eta noski, talentua mantendu eta sortzeko proiektuetan parte hartu behar dugu". Urdangarinek dio plan berriak prestakuntza ez ezik, ekintzailetza eta enpresen lehiakortasuna barneratuko dituela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide