UKUEko Batzar Nagusiak aurtengo aurrekontuak onartu ditu, EAJk planto egin arren

Aritz Mutiozabal - Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 8a

UKUEk Zarautzen duen egoitza. (Guka)

Urola Kostako Udal Elkarteak 10.967.083 euro izango ditu aurtengo ekitaldiari aurre egiteko. Abenduaren 23an egindako batzar nagusian onartu zituzten aurrekontuak, EAJren babesik gabe. Alderdi horretako ordezkari gehienek uko egin zioten batzarrera joateari, eta joan zirenek kontrako iritzia plazaratzeko baliatu zuten aukera, "mankomunitatearen kudeaketa kezkagarriari" azpimarra eginda.

Urola Kostako Udal Elkarteak 2026rako aurrekontuak onartu zituen abenduaren 23an eginiko batzar nagusian, eta 10.967.083 euro izango ditu aurtengo urteari aurre egiteko. Eskualdean ordezkatuta dauden lau alderditatik hiruk –EH Bilduk, PSE-EEk eta Aiako Batzarre Burujabetzak– eman zioten baiezkoa kontuei; EAJk, aldiz, kontra egin zuen.

Urola Kostako EH Bildu uda ondoren hasi zen lantzen aurrekontu proposamena teknikariekin. Azaroko lehen hamabostaldian, eskualdeko talde guztiei hasierako zirriborroa helarazi zien, aldaketa nahiz berrikuntza nagusien arrazoiekin. Horrez gain, alderdi guztiekin bilerak egin zituztela gogora ekarri du koalizio subiranistak, eta, halaber, ekarpenak egiteko edota aldaketak sartzeko aukera eman zietela.

"Hori horrela, EAJk ez zuen ezer esan aurrekontuen onarpen egunera arte, nahiz eta galdetu zitzaien ea ekarpenik egin nahiko ote zuten", adierazi du EH Bilduk. "Garbi ikusi zen jarduteko era bat zela: eskua luzatuta ere ekarpenik ez egitea zela EAJren ideia, eta, noski, ondoren kontra bozkatzea", gaineratu du.

Beste bi alderdiekin izandako harremana ezberdina izan zela gogora ekarri du koalizioak: "PSE-EEk eskaera bat egin zuen EH Bilduk aproposa ikusi zuena, eta txertatu egin genuen aurrekontuetan. ABBk zalantza batzuk argitu nahi izan zituen, baita beraien iritzia eman ere".

"Bermerik gabeko kudeaketa"

Urola Kostako EAJk "planto egitea" erabaki zuten eta batzar horretara ez joatea, erakundeak "egoera kritikoa" bizi duela iritzi diolako, eta "kudeaketa garden, parte hartzaile eta sinesgarri baterako gutxieneko bermerik ez dagoelako". Soilik UKUEko zuzendaritzako kide diren EAJren ordezkariek parte hartu zuten batzar nagusian, ezezkoaren arrazoiak azaldu nahi izan zituztelako. Han adierazi zutenaren arabera, azken hilabeteetan metatu diren arazoek mankomunitatearen kudeaketaren norabide "kezkagarria" erakusten dute, eta hori arrazoitzeko hainbat puntu nabarmendu zituzten. 

Batetik, langileriari eta negoziazioei dagokienez, bere ordezkariei negoziazio mahaian parte hartzea ukatu diela salatu zuen EAJk, "nahiz eta lan egoerak argibideak eta neurriak eskatzen dituen". Bestetik, zuzendaritza organoetan langile teknikoen presentzia mugatu egin dela gaitzetsi zuen, "azalpenak ematea zailduz". Zigilatze lanen eta lur kutsatuen kasuan ere arazoak daudela nabarmendu zuen, eta horien inguruko argibiderik ez duela. Horrez gain, Garbigunea irekitzeko aurreikusitako epeak ez direla bete gogorarazi zuen, "eta errealitatea promesetatik urrun dagoela". Turismo arloko hainbat gairen inguruan ere antzera: "Konpromisoak ez dira gauzatu, eta erabaki batzuk prentsaren bidez jakin ditugu, irizpide teknikoaren aurka ere bai". Azken puntu gisa, hondakinen bilketa zerbitzuaren kalitatea "nabarmen jaitsi" dela salatu zuen, eta ez hori bakarrik, baita kontratua amaituta dagoela eta pleguak oraindik idatzi gabe daudela ere.

"Mesfidantza eta kudeaketa txarra" nagusi diren bide horretan, eta "aipatutako arazo horiek guztiak mahai gainean egonda", EAJri "larria" iruditu zaio PSE-EEren jarrera; alegia, EH Bilduren kudeaketa "babestea eta zuritzea", eta ondorioz, "mankomunitateari behar duen norabide aldaketa eta erantzukizun politikoa ukatzea". Horregatik guztiagatik, "kudeaketak norabide egokia eta bermeak berreskuratu arte", EAJk aurrekontuen inguruko batzarrean planto egitea erabaki zuen. "Ezin da gobernatu iragarpenetan eta errudunen bilaketan oinarrituta; irtenbideak, informazioa eta egiaztagarriak diren konpromisoak behar dira", nabarmendu dute jeltzaleek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide