Korrika agurtuko dute urtea bihar hainbat herritarrek

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 30a

Iazko Orioko San Silbestre lasterketako irudi bat. (Aritz Mutiozabal)

Kirola eginez emango diete urteari amaiera hainbat herritarrek. Orion, goiz partean hainbat korrika saio egingo dituzte haur, gazte eta helduek; Aian, arratsaldean izango da lasterketa.

Urtea kirola eginez amaitzeko, San Silbestre lasterketak egingo da aurten ere Orion eta Aian. Oriotarrak goiz-eguerdi partean aterako dira lasterka, eta arratsaldean, berriz, aiarrak. 

Oraindik ere eman daiteke izena Orioko lasterketan, gaur 22:00ak bitarte, kronoak.com atarira jota. Ohi bezala, haurrek taldeka egingo dute korrika. Aurrena, HH 5. mailatik beherakoen txanda izango da, 11:00etan. Kutxa paretik helmugara arteko bidea egingo dute, 150 metro guztira. LH 1 eta LH 2 mailetakoek handik hamar minutura egingo dute lasterka, 11:10ean, Sarasua paretik helmugara (300 metro) eta ondoren, 11:20ean, LH 3 eta LH 4 mailetakoek (600 metro). LH 5, LH 6, DBH 1 eta DBH 2 mailetakoek, berriz, 11:30ean egingo dute korrika. San Silbestreko buelta txikia egingo dute horiek (1.700 metro).

Azkenik, helduen proba 12:00etan hasiko da. Horiek aurrena buelta txikia egingo dute, eta ondoren, buelta handia (1.700 metro + 3.300 metro).

Aian, berriz, arratsaldean aterako dira herritarrak korrika plazatik, 17:00etan. Izena probaren aurretik eman beharko da plazan bertan, 16:30ean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide