Eskola kirola

Kirol hastapena, joko zelai berrian

Ane Olaizola 2025ko aza. 3a, 09:00

Aldaketa prozesu betean da Gipuzkoako eskola kirola, eta bilakaera are gehiago azkartuko duela dirudi EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu duen agertokiak. Eskolek kezkaz begiratzen diote etor litekeenari, kirol hastapenak bestelako bide bat har dezakeelako. Ane Olaizola kazetariak Gukaren urriko aldizkarietarako idatzitako erreportajea da honakoa. 

Joan den mendearen hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskola Kirola programa martxan jartzeak eredu berritzailea ezarri zuen lurraldeko neska-mutilen kirol hastapenean, eta egitasmoak bide eman zuen eskolen eskutik balioak sendotzeko. Kirol esparruan, aniztasuna, aukera berdintasuna eta irisgarritasuna izan ditu oinarri eskola kirolak, eta horren ondorioz, LH 3. mailatik LH 6ra arteko ia ume guztiek parte hartu izan dute programan. Ordea, agertoki berri bat zabaldu da: 13 urte egin aurretik kluben batean arituz gero, egun ez da beharrezkoa eskola kirolean aritzea, eta horrek ateak ireki dizkio espezializazio goiztiarrari. Horren ondorioez ohartarazi dute ikastetxeek, eta kolokan ikusten dute eskola kirolak orain arte egin duen bidea.

Eskola kirolaren antolaketa multzokakoa da eskualdean. Aizarnazabalen, esaterako, beren kasa antolatzen dute COVID-19aren izurriaz geroztik; ordura arte, Zumaiarekin eta Zestoarekin batera egiten zuten aizarnazabaldarrek eskola kirola, baina azken urteetan, bi udalerri horiek soilik osatzen dute taldea, eta hor sartzen dira Oikiako, Arroako zein Aizarnako eskola txikietako ikasleak ere. Beste multzo bat osatzen dute kostaldeko ia udalerri guztiek: Aiak, Getariak, Oriok eta Zarautzek, hain zuzen. Bestalde, Azkoitiak, Azpeitiak eta Errezilek beste talde bat osatzen dute. 

Dena den, eskola kirolaren eguneroko koordinazioa eskola bakoitzak bere erara egiten du maiz, beste ikastetxeekin zein udalekin harremanetan egonda, eta larunbatetako ekintzak herrika nahiz multzoka prestatu ohi dituzte klubekin elkarlanean. Azpeitian, gainera, ikastetxeek Azpeskirola elkartearen aterkipean bideratzen dute eskola kirola, eta elkartean bertan hartzen dituzte programari lotutako erabaki garrantzitsu guztiak. Iaz sortu zuten elkartea udalak, Izarraizpe Ikastolak, Ikasberri Ikastolak eta Iraurgi Ikastetxeak, etorkizuneko erronkei erantzuteko modurik egokiena izango zelakoan. 

Kostaldeko udalerriak hartzen dituen taldeko ordezkaria da Fernando Urien. Hark Gipuzkoako kirol eskolaren hastapenetatik jardun du zeregin horretan. Izan ere, eskola kirolaren sorreraren hamarkada beretik –1991. urtetik– da Zarauzko Lizardi institutuko kirol ordezkaria, baita Orokieta eskolakoa ere duela hogei urtetatik ere. Oso modu berezian gogoratzen du hark eskola kirolaren sorrera, eta aise azpimarratu du kirol programa horrek zer eragin izan zuen sasoi hartan lurraldeko neska-mutilen kirol esparruan. Izan ere, haren arabera, haurrek kirolean aritzeko unibertsaltasuna bermatzen lagundu zuen egitasmoak. "Kirola ikastetxeetan bertan eta desplazamendurik gabe egiteak eta aparteko gasturik gabekoa izateak ekarri zuen kirola guztien eskura jartzea, norberaren gaitasunetatik eta familia ohituretatik haratago". Ibilbide luzea egin du eskola kirolak azken urteetan, eta Azpeskirola elkarteko ordezkariek azpimarratu dute, haurrei "helduen ereduaren kopia" eskaintzetik beren beharretara egokitzen den aukera eskaintzera pasatu dela programa. "Helburua kirol lehiaketa zen lehen, eta formazioa eta hezkuntza lehenesten dira orain", esan dute.

Hasi den sasoian eskola kirolean jardungo duten umeen kopuruan beherakada sumatu dute hainbat herritan

Eskola kirolak izan duen bilakaeraren bereizgarrietako bat da, gainera, parte hartzaileek multikirola praktikatzen dutela, eta aniztasun horixe da, hain zuzen, gaian adituak diren askok, ikerketak oinarri izanda, defendatzen dutena. "Kirol espezializazio goiztiarraren gainetik kirol aniztasuna hobesten baldin badute, etorkizunean onura gehiago izango dituzte gaztetxoek", adierazi dute Azpeskirolakoek. Horien arabera, multikirola egiten duten haurrek "kirol ohitura, osasun eta garapen integral hobeak" izateaz gain, kirol errendimenduan ere nabarituko dute aldea. Bide beretik hitz egin du Zumaiako kirol teknikari Antxon Alberdik ere: "Eskola kirolean inor ez da aritzen espezializazio goiztiarrean; hau da, eskola kirolak ez ditu kirolari onak eta txarrak bereizten, eta ez du kirol batean ona dena beste nonbaitera bideratzen. Gaztetxo bakoitzak hainbat kirol probatzeko aukera izaten du, eta etorkizunean izango du gustuko duen horretan errendimendua garatzen jarraitzeko aukera". Urienek, berriz, uste du eskola kirolaren emaitzak agerikoak direla gaur egun: "Urteen poderioz ikusi dugu multikirolak gazteen kirol praktikan eragin handia izan duela. Izan ere, bere garaian kirol aniztasuna praktikatu zuten gaur egungo gazteek zein helduek kirol ohitura eta ezagutza handiagoak dituzte. Egun kirol pila bat egiten da, eta umetan izandako kirol ohiturengatik da hori".

Horrez gain, egitasmoaren ardatza hasieratik haurra izan dela adierazi du kirol koordinatzaileak, ez kirola bera. Horri lotuta, egitasmoak duen helburu integratzailea azpimarratu du hark, eskola kirolaren garapena eskolaren garapenarekin eskuz esku joan dela kontuan hartu behar delako: "Bizikidetza arazoak sor daitezkeen gunea izan daiteke kirola, baina baita bizikidetza lantzeko tresna ere. Beraz, ikastetxeak tresna hori erabil dezake gatazkak kudeatzeko eta konpontzeko".

Eskolek uste dute agertoki berriak umeen arteko segregazioari zirrikitua ireki dakiokeela

Eskola kirolak dituen bereizgarri horien ondorioz, programak hasieratik parte hartze "izugarria" lortu zuela esan du Urienek, eta zehaztu du azken urteetan ikasleen %95 aritu direla horretan. Haren hitzetan, "salbuespena" izan da eskola kirola ez egitea. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gukari emandako datuen arabera, joan zen ikasturtean LH 3tik LH 6. mailara arteko 2.600 umek baino gehiagok parte hartu zuten eskola kirolean, eta eskualdera begiratuta, honako hauek dira datuak: Aizarnazabalen, 49 umek; Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen, 849 umek; Zestoan eta Zumaian, 542 haurrek; eta Aian, Getarian, Orion eta Zarautzen, 1.202 haurrek. 

Unibertsaltasuna jokoan

Eskola kirolaren ordezkarien ustez haurren zein familien onurarako diren ezaugarri horiek kolokan jar ditzakeen epaia kaleratu zuen  EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urtearen hasieran. Ordura arte, Lehen Hezkuntzako umeek, 13 urtera artekoek, eskola kirolean izena emanda egon behar zuten talde kiroleko kluben batean aritzeko. Ordea, auzitegiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako baldintza hori, Pasaiako familia batek aurkeztutako helegite baten ondotik. Familia horretako 9 eta 11 urteko alabek saskibaloi klub batean aritu nahi zuten, baina ez eskola kirolean, eta auzitegiak arrazoia eman zien.

Familia horren iritzi berekoak dira beste hainbat sendia ere, baina eskola kirola antolatzen eta kudeatzen dutenek zein ikastetxeek kezkaz begiratzen diote ireki berri den agertokiari, sutsu defendatzen dutelako Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirola martxan jarri zuenetik zehaztuta zuen betebehar hori: "Beti pentsatu izan dugu kirol klub batean aritzeak saria izan behar duela. Klub batean egiten dituzten jarduerek ikastetxekoaren osagarriak izan behar dute, baina osagarriak beti izan behar du zerbait oinarrian, eta beharrezko oinarri hori ikastetxeko jarduera da; eskola kirola. Dena den, oinarririk gabe zuzenean jotzen bada osagarria den horretara, osagarria zena ordezko bihurtuko da. Hori da arriskurik handiena", dio Urienek. Alberdik ere azpimarratu du, betebeharra indargabetuta, haurrek aukera dutela partaidetzazko kirol jarduerak saihesteko eta zuzenean errendimenduko jardueretara jotzeko. 

Hain zuzen, Azpeskirolako ordezkarien ustez, kirol espezializazio goiztiarra izan daiteke agertoki berriak ekar dezakeen arriskurik handiena, multikirolaren kalterako: "Adin tarte horietako haurrak kirol errendimendura bideratzea eta kirol emaitzetan zentratzea ekar dezake horrek, hori baita, azken batean, klubek oinarrian duten helburua". Hori muturrera eramanda, "haurrak negozio" bihurtu dituzten ereduak "begi bistan" daudela ohartarazi dute. "Ez dugu esan nahi klub guztiek errendimendua eta negozioa dituztela helburu bakartzat eta ez dutela arretarik jartzen heziketzan, baina eredu horrek dituen arriskuak kontuan izanik, ez dugu uste klub bakoitzaren edo unean uneko arduradunen borondatearen gainean geratu behar dutenik halako erabakiek". 

Eskolen iritziz, eskola kirolak berarekin dakarren unibertsaltasuna ere kolokan jar dezake auzitegiaren epaiak, agertoki berriak umeen arteko segregazioari zirrikitua ireki dakiokeela aurreikusten baitute. Hain zuzen, baliabide ekonomiko txikienak dituztenak eskola kirolean aritzeko eta altuenak dituztenek klub pribatuetara jotzeko arriskua badagoela uste dute, are gehiago klubek interes merkantillak izan ditzaketela kontuan hartuta. "Familia mota asko daude, eta kirola ez bada eskolaren aterpean egiten, zenbait beharbada ez dira iritsiko nahi duten hori egin ahal izatera. Beti ahulena ateratzen da galtzen, eta arlo sozioekonomikoan indartsu dagoena hobeto biziko da. Guk, ikastetxearen hegopean, goxatu egiten ditugu egoera horiek", adierazi dute. Alta, umeen kirol gaitasunaren araberakoa ere izan daiteke "bazterketa" hori. Hala esan dute: "Askoz ere zailagoa izango da kirol gaitasunik edo gogo handirik ez duen norbait ikastetxetik urrun dagoen eta ikaskideekin egiten ez den kirol jarduera batera eramatea". Eta horren ondorioetan egin dute azpimarra Azpeskirolako ordezkariek: "Porrot sentipenak eragiten dira etorkizuneko haurren kirol ohituretan; autoestimuan eta sozializazioan eragiten die horrek eta etorkizunean errendimenduan izan ditzaketen aukerak moztu egiten zaizkie". 

Halaber, Alberdik gaineratu duenez, auzitegiak zabaldu duen bidearekin ez da bermatzen haurrak jarduera fisikorako jaso behar lukeen gutxieneko saio kopurua. Bide horretan, gizartean zabaldu den mezuan ere egin du azpimarra hark. "Epaiaren inguruan zabaldu den mezua ez da egokia izan: izan ere, derrigortasunean jarri dugu arreta, baina ez dakit norberak bere buruari galdetu al dion seme-alabentzako egokia al den eskola kirolean ez parte hartzea". 

Eskola atarietatik klubetara

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak hautsak harrotu ditu Gipuzkoako eskola kirolaren panoraman, eta eskolek ziurgabetasunez begiratzen diote etor daitekeenari. Kezkatuta daude, esaterako, eskola kirolean parte hartzen duten umeen kopuruarekin gerta daitekeenarekin. Dena den, inguruan "oso gizarteratuta" dagoen egitasmoa izanik, Urienek zaila ikusten du epe laburrean, kostaldean gutxienik, egoera asko aldatzea, baina kirol jardunak bestelako norabide bat hartuko duen beldur dela aitortu du, ikastetxeen zein kluben eskaintzak "poliki-poliki" aldatzen joango direla uste duelako. "Aurten, ez da aldaketa handiegirik izango, baina aldaketak txikitik hasten dira, eta urte gutxiren barruan handitu egiten dira". Aurrez esandakoaren ildotik, klubek eskola kirolaren jarduna ordezkatuko ote duten kezka dauka hark. "Ikustekoa da gaur egungo umeek duten agenda; 10 urteko ume batzuenak ministroenak baino konplikatuagoak dira". 

Susmoez haratago, hasi berri den ikasturtean eskola kirolean jardungo duten umeen kopuruan beherakada sumatu dute hainbat herritan; Azkoitian, kasu. Auzitegiak zabaldutako agertoki berriaren aurrean, Xabier Munibe Ikastolako eskola kirolaren arduradunek galdetegi bat zabaldu zuten joan zen ikasturtea amaitzerako, eta familiei galdetu zieten seme-alabek kirol jarduera horretan jarraituko al zuten. Emaitzei erreparatuta atzeman zituzten etor zitekeen beherakadaren lehen zantzuak, eta matrikulazio epean berretsi egin dituzte horiek: behin betiko izen-emateak oraindik esku artean izan gabe –erreportajea irailean idatzitakoa da–, aurten ehun ume gutxiagok eman dute eskola kirolean izena Xabier Munibe Ikastolan.

Eskola horretako LH 5. eta LH 6. mailetan antzeman dute jaitsierarik handiena, bi maila horietan erdira jaitsi baita partaide kopurua: aurreko sasoian bi maila horietako 73na ume aritu ziren eskola kirolean, eta aurten, 34 eta 30 ume zeuden inskribatuta irailaren erdirako. Irantzu Albizuri Xabier Munibeko eskola kirolaren koordinatzaileak azaldu duenez, baina, "espero" zuten bi maila horietan halako jaitsiera izatea. Hark, gainera, adin horretako haurrek eskolaz kanpoko ekintzekin izaten duten agendarekin lotu du gertatutakoa: "Adin horretako umeek lehen ez bezalako eskolaz kanpoko eskaintza dute. Lehen futbola eta saskibaloia besterik ez zeuden aukeran, baina orain panorama asko zabaldu da, eta ez soilik kirolari dagokionez. Aste osoa beteta izaten dute, denbora libre askorik gabe. Horrez gain, maila horietan helduagoak dira umeak, eta beraiek aukeratzen dituzte eskolaz kanpoko ekintzak. Ondorioz, zerbait kentzekotan, eskola kirola kentzen dute, eta orain, are errazagoa zaie hori egitea. Beraz, horren isla dira aurtengo datuak". 

Kirol gutxituak, are gutxituago

Auzitegiak eskola kirolaren gaineko betebeharra indargabetzea kirol kluben mesederako izan daitekeela dirudi hasiera batean, eta eskola kiroleko partaidetzak jaisteko joera hartzen baldin badu, logikak berak emango dio bide baieztapen horri. Dena den, ikastetxeek ez ezik, hainbat klubek ere agertu dute neurri berriaren gaineko desadostasuna, bereziki kirol gutxituak praktikatzen dituzten taldeek, uste baitute haientzat ere kaltegarria dela erabakia.  

Horietako bat da Azkoitri triatloi taldea. Klub horrek, besteak beste, umeei zuzendutako duatloiak antolatu izan ditu azken urteetan, eskola kirolarekin elkarlanean, eta ondorioz, programan aritzen diren umeek parte hartu izan dute horietan. "Finean, eskola kiroleko ekintza bailitzan prestatu izan dugu lasterketa, eta Azkoitiko eta Azpeitiko bost ikastetxeetako ikasleek parte hartu izan dute; 400 bat umek", esan du Haritz Uranga Azkoitriko presidenteak. 

Azpeitiko eskola kirolaren sustatzaileak eta parte hartzaileak. MAIALEN ETXANIZ

Orain, baina, kezkatuta daude. Izan ere, eskola kiroleko partaide kopuruak behera egiteak duatloian eragin zuzena izango duela azaldu du Urangak, eta zentzu horretan, "panorama oso tristea" aurreikusten duela. Haren arabera, halako proba bat antolatzeko "nahikoa zailtasun" izaten zituzten lehen ere, eta gaur-gaurkoz, "airean" dute hasi berri den ikasturteko edizioa, "oztopo ugariri" egin behar izango baitiete aurre. "Ibilbidea zehazteaz gain, federazioaren baimenak jaso behar izaten ditugu, eta federazioak uzten digu proba egin ahal izateko behar den material guztia ere. Orain arte, bultzada handia jasotzen genuen, parte hartzea handia izaten zelako. Orain, ordea, ekitaldi txiki bat egiteko duatloi batek eskatzen duen azpiegitura prestatzeak merezi al duen pentsatu beharko dugu", adierazi du. Bide horretan, Zarauzko kirol koordinatzaileak adierazi duenez, auzitegiak derrigortasuna kenduta ere, lor daiteke eskola kirolaren funtzionamendua "gehiegi ez aldatzea", eta horretarako, udalerri bakoitzeko udalekin nahiz klubekin akordioak egitea proposatu du.

 

Zalantzarik ez dago: Gipuzkoako eskola kirola aldaketa prozesu betean sartuta dago, eta begirada etorkizunean jarritakoan, ziurgabetasuna nabari da ikastetxeetan. Zarauzko kirol koordinatzaileak aitortu du, azken hamarkadetan eskola kirolaren fase desberdinak ezagutu baditu ere, orain dituela zalantzarik handienak: "Kirol hastapenaren jarduera ikastetxeetatik klubetara bideratzen ari garela dirudi, baita enpresa pribatuetara ere. Hala gertatzen bada, pena handia hartuko dut, klubak oso garrantzitsuak baldin badira ere, oinarrizko kirol hastapena ikastetxeetan egin behar litzatekeelako, beti ere klubekin elkarlanean". Azpeskirolako kideen arabera, egiten den lanaren eta hartzen diren erabakien araberakoa izango da etorkizuna, eta alde guztiek izango dute horren ardura. Gaur-gaurkoz, joko zelai berrian, familien aldean da pilota. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide