Gaur arratsaldean jokatu dute Aian Harri Txikien eta Kintopekoen Gipuzkoako Txapelketa. Probalekuan izan da kirol proba, eta aurreikusita zeudenak baino parte hartzaile gutxiagorekin, Maddi Gesalagak eta Mikel Lopetegi Urrak jantzi dituzte txapelak.
Mutilen kasuan, hasieran lau ziren Harri Txikien Txapelketa jokatzekoak, baina horietatik erdiak, bik, ezin izan dute hitzordura joan gaixo zeudelako: Paulo Azpiazuk eta Beñat Telleriak. Imanol Royo eta Mikel Lopetegi Urra aritu dira, beraz, nor baino nor, eta 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bolarekin lehiatu behar izan dute horiek. Azken horrek, baina, nagusitasunez irabazi dio Royori, denera 9.275kg altxata -7.025 kilo jaso ditu Royok-. Lopetegik 32 aldiz jaso du kopa, 22 aldiz kubikoa eta 28 bider bola. Royok, bere aldetik, kopari 25 altxaldi eman dizkio, 16 kubikoari eta 21 bolari.
Emakumezkoen txapelketan, aldiz, 50 kiloko zilindroa eta kubikoa izan dituzte parez pare Udane Ostolaza oriotarrak, Olaia Esnaola azpeitiarrak, Goizeder Abendibarrek eta Maddi Gesalaga zarauztarrak. 3.500 kilo altxata, Gesalaga nagusitu da proban (42 aldiz igo du zilindroa eta 28 aldiz kubikoa). Berdinduta geratu dira hurrengo biak, Ostolaza eta Abendibar, 3.400 kilo jasota, eta Esnaolak 3.350 kilo altxa ditu.