"Neurriz kanpokoa eta bidegabea" da jasotako zigorra. Hitz horiek azpimarratu ditu Felix Zubiak gaur Getariako Arrantzaleen Kofradian Zarauzko Gurutze Gorriko batzordeko kideekin batera eman duen prentsaurrekoan. Izan ere, Zubiak bost urteko kargugabetze zigorra jaso du Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaren Eskubide, Berme eta Betebeharren Batzordearen aldetik, "norbanakoen motozikletak erabiltzeagatik Zarauzko Triatloian". Horren atzetik, Zarauzko Gurutze Gorriko batzordeko kideek ere dimisioa eman dute "atsekabe handiz".
Zubiaren hitzetan, kargugabetzea ez da gertakari "isolatua" izan, "denbora luzez" ari direlako arazoak edukitzen Bulego Autonomikoarekin Itsas Salbamenduko programa dela eta. Haien hitzetan, itsasontziak zahartuta daude, eta ez diete horiek berritzeko baimenik eman: "Pentsa, ontzi batzuk 28 urte dituzte, eta guk baditugu txostenak esaten dutenak horiek 2017az geroztik ez direla erabiltzea komeni. Nik beldurra pasatzen nuen larrialdi bat gertatu eta horiekin itsasoratu behar genuen bakoitzean", gehitu du. Getariako Itsas Salbamenduko Eskola ere geldirik dagoela dio mediku zarauztarrak, eta "ez ei dago gardentasunik diru laguntzen kudeaketan".
Gertakari horien barne salaketak "gatazka egoera" sortu du Gurutze Gorriaren barruan Zubiak azaldu duenez, eta zigorra horren ondorio izan daitekeela gehitu du. "Ez dakigu zigorraren atzean zer dagoen, baina hori iritsi da justu guk gure desadostasunak azaldu ondoren", dio. Zehazki, kargugabetzeko arrazoi moduan Bulego Autonomikoak nabarmendu du norbanakoen motozikletak erabili zituela herri horretako Gurutze Gorriko taldeak Zarauzko Triatloian, eta ez zuela horretarako baimendik eskatu.
"Ertzaintza jakinaren gainean zegoen, eta Udaltzaingoa ere bai; gainera, aseguratuta zeuden. Baina, antza, hori ez da nahikoa", dio. Gainera, jada taldekide ohi direnek azpimarratu dute 2017az geroztik ari direla ibilgailu horiek erabiltzen, eta orain etorri dela zigorra. Ibilgailu horien erabileraren arrazoia ere plazaratu du Zubiak: "Urte batean ikusgarritasun txikiko leku batean zegoen korrikalari bat berandu artatu genuelako erabaki genuen motorrak erabiltzen hastea, prozesua azkartzeko".
Dimisio gehiago
Zarauzko taldea, baina, ez da dimisioa aurkeztu duen talde bakarra izan. Gipuzkoako Gurutze Gorriaren Zuzendaritza Probintzialak dimisioa eman du, lehendakari probintziala buru dela, beste hainbat herritako lehendakariekin batera: Irun, Urretxu, Elgoibar, Hondarribia eta Donostia. Beste 30 boluntario inguruk ere utzi egin dute Gurutze Gorria.
Dimisio horien aurrean, Zubiak galdera bat zabaldu du: "Hemendik aurrera, zer gertatuko da itsasoan egiten diren ekitaldien osasun estaldurarekin? Estropadak, triatloiak... Ezin dugu hori erantzun, baina eskerrak ematea bakarrik geratzen zaigu gure alboan egon diren guztiei, batez ere, bazkideei".
Amaitzeko, Zubiak bere esperientzia pertsonala ere eman nahi izan du. "20 urte nituela sartu nintzen Gurutze Gorrian boluntario, orain 30 urte, zerbait teknikoa ikasiko nuela pentsatuz. Orain esan dezaket, ordea, jakintza teknikoa bereganatzeaz gain, pertsona hobea egin nauela Gurutze Gorriko kide izateak. Ez nintzen gaur egun naizena izango Gurutze Gorrira sartu gabe".