Orion eta Aian %31koa izan da parte hartzea eguerdira bitarte

Maria Maya Manterola 2024ko api. 21a, 14:30

Herritar bat botoa ematen, goizean, Kultur Etxean ezarritako hauteslekuan.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten ari den lehen parte hartze datuen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Datu horien arabera, Orion boza ematera deituta dauden herritarren %31,84k eman dute botoa hauteslekuak zabaldu direnetik 13:00ak bitarte. Aian parekoa izan da datua: %31,12k bozkatu dute han dagoeneko.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak dira gaur, eta 09:00etatik botoa ematen ari dira herritarrak. Eguerdiko 13:00ak arteko parte hartze datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak: Orion, parte hartzea % 31,84koa izan da lehen orduetan. Aian ere oso antzerakoa da datua, %31,12ak bozkatu baitute han.

Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %30,02k bozkatu dute. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta baita posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zela ere, pandemiaren eraginez.

Lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman du botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, igoera ia 14 puntukoa izan da: %28,05ekoa aurten; %14,14koa 2020an.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide