UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen ekimena da Zaindu Urola Kosta, eta urtebete baino gehiago darama zaintzaren sektorea profesionalizatu eta kalitatezko enplegua sustatzeko lanetan.
Bide horretan, beste jarduera bat antolatu du: zaintza sektorean euskaraz aritzeko ikastaroa. Maiatzean izango da, eta zaintza arloan aritzen direnei edo aritu nahi dutenei zuzenduta dago.
Hain zuzen, maiatzaren 6tik 17ra bitarte izango dira saioak, eta sektorea profesionalizatzeaz gain, zaintza arloan lan egin nahi duten pertsonen ezagutzak areagotzea da helburua. Horregatik, langabezian dauden pertsonei emango diete lehentasuna.
Ikastaroa 30 ordukoa izango da: maiatzaren 6tik 17ra 15:00etatik 18:00etara eskainiko dute Oteitza Lizeo Politeknikoan (Gipuzkoa Kalea 5, Zarautz). Izena emateko, UKUEren egoitzara deitu (943-89 08 08), lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo, mankomunitateko lan poltsan izena emanda egotekotan, esteka honetan eman ahal izango da izena.