Asteburuan gainean izango den denboralea dela eta, alerta laranja ezarri dute itsasaldeko arriskuagatik. Horren jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiak N-634 errepidea itxiko du asteburuan, Zumaia eta Zarautz arteko tartean. Bost metro inguruko olatuak egongo direla iragarri dute, eta gerta daitezkeen arrisku egoerak ekiditeko karretera itxi egin dute jada, nahiz eta larunbat goizaldeko 03:00etatik aurrera ixtea aurreikusten zuen hasiera batean erakundeak. Denboraleak iraun bitartean itxita mantenduko dute errepidea.
Errepidea itxita dagoen bitartean, ordezko ibilbide gisa AP-8 autobidea erabiltzea aholkatzen dute Zumaiatik Zarautzerako joan-etorrietarako. Getaria eta Zarautz artean, berriz, Meaga bidezko errepideak erabili beharko dituzte auto gidariek.
Otsailaren hasieran izan zen Karlotta denboraleak ere gogor astindu zuen kostako errepidea eta kalteak eragin zituen Getaria eta Zarautz arteko zatian. Horren ondorioz, erreietako bat itxita dago eta trafikoa semaforo bidez erregulatuta.